Gustua hartu diote militarrek Beriaini

Guaixe 2020ko ira. 2a, 12:13

Lauzpabost alditan ariketa militarrak egin dituzte, garilean eta agorrilean. Unanutik pasatzean ez dute maskararik erabiltzen. 

Espainiako armadako 40tik gora militar izan ziren atzo Unanun. Herri sarreran dagoen putzu septikoaren ondoan bi kamioi eta jeep bat aparkatu zituzten. Handik jaitsi eta Unanu zeharkatuta mendirantz jo zuten. Ariketa militarrak egin ondoren, kuartelera bueltatzeko herritik pasatu ziren. Unanuar batek kontu hartu zien maskararik gabe pasa zirelako. Poltsikoan zeramatela erantzun zuten soldaduek. Ariketen arduradun zen tenienteari gaztigatu zion herriaren bataz besteko adina altua dela, eta, errespetuagatik, musukoa jantzi beharko zutela. Estatuko hedabideetara jotzeko erantzun zion. 

Unanuarrek azaldu digutenez, garilean eta agorrilean laupabost aldiz pasa dira militarrak Unanutik. Azkenekoa, agorrilaren 25ean izan zen. Unanuarrak jakinarazi duenez, "musukorik gabe beti". 

Militarren bisitak
Data Non ikusi Norantz Militar kopurua
2020-09-01 Unanu Beriain 40tik gora
2020-08-25 Unanu Beriain 40tik gora
2020-07/08 Unanu Beriain 40tik gora
2019-10-03 Uharte Arakil Beriain 10 bat ibilgailu eta mikrobus bete soldadu
2019-06-03 Irurtzun Herri inguruan ---
2018-04-20 Etxarri Aranatz Aralar 20 bat
2018-04-16 Lizarragako portua Andia 80 bat
2017-05-31 Unanu/ Arbizu Ondatz / Beriain 20 bat
2017-02-15 Sakana erdialdea Urbasa 20 bat
2017-01-17 Altsasu Urbasa 20 bat