Beriainerako pista konponketengatik itxita

Guaixe 2021ko api. 22a, 09:29

Kontzejua hura berritzeko lanak hasi ditu eta maiatzaren 3ra arte itxita egonen da. Mendizaleei autoak behar bezala aparkatzeko eskatu diete.

Nafarroaren perimetro itxierak, udaberriko oporrak eta jendearen mendirako joera. Horiek guztiak elkartu ziren eta Unanun “asteburua nahiko desastre” izan zela esan zigun Jesus Mari Balda Mercero kontzeju buruak. Izan ere, Beriain mendira igotzeko asmoz Unanura makina bat jende autoz joan zen eta denek ez zituzten ibilgailuak behar bezala aparkatu. Horrek unanuarrei makina bat traba sortu zizkien, eta larrialdiren bat izanez gero zerbitzuak behar bezala iristeko traba lirateke gaizki aparkatutako ibilgailuak. 

Mendizaleak herrian edo handik kanpo aparkatzera behartuta daude, Beriainerako pista martxoaren 22tik itxita dagoelako. Unanuko Kontzejuak hura berritzeko lanak egiten ari da. Kaskalluzko pista da eta malda handia du. Euria egiten duenean urak kalteak sortzen ditu. Horri konponbidea emateko   porlana zabalduko dute. Herritik 380 bat metrora pista ixten duen langa bat dago. Unanuko Kontzejuaren helburua da bidea haraino konpontzea da. Baina aurrekontu handia denez, hainbat urtetan eginen dituzte lan horiek. 

Aurten herritik ur biltegira arteko aurreneko 72 metrotan porlana zabalduko dute. Horrekin batera, ezpondak garbitu dituzte. Mugitutako soberako lurra langaren aurretik bidearen ezker-eskuin zabaldu dituzte. “Momentuz ez dugu ongi prestatuta utziko toki hori, gero eginen dugu zerbait”, esan du Baldak. Pistako lanen lehen faseak 14.000 euro inguruko aurrekontua du.