Auzolan segida etxebizitzak egokitzeko

Guaixe 2021ko uzt. 1a, 09:16

Kontzeju etxeak elkarte gainean egin nahi dituen bi etxebizitzetako lanak unanuarrak egiten ari dira.

Dagoeneko unanuarrek makina bat lan egin dituzte auzolanean Denok Bat elkarte gaineko solairuan. Unanuko Kontzejuak 135 metro karratuko azalera du eta han bi apartamentu egiteko lanak egiten ari dira auzolanean. Udaberri hasieratik ari dira horretan. “Jendea ahal duenean etortzen da” eta haiei “esker ona” azaldu die Jesus Mari Balda Mercerok, kontzejuko presidenteak. Baldak esan duenez, “lanak aurten despeditu nahi ditugu, baina opor garaiarekin gauzak geldituko dira, materiala lortzea zailagoa baita”. 2019an sarbideko eskailera berritu zuten, hura ere auzolanean. 

Lanak despeditu ez badituzte ere, dagoeneko apartamentuak alokatzeko interesa duten pertsonak galdezka joan zaizkie. “Badirudi pandemiarekin jendeak herrietarako joera hartu duela, lasai egoteko”. Batzuk asteburutarako nahi lukete. Baina gazte unanuarrak herrian gelditzeko edota familiak han errotzeko bidea ere izan daitezke apartamentuak. Haiek alokairuan eman ondoren etxebizitzaren egoeraren inguruan zein panorama duten aztertuko dute unanuarrek, zer egin dezaketen ikusteko. 

Bestalde, Unanuko Kontzejuak Beriainerako pistako lehen zatia konpondu du. Herriaren eta ur biltegiaren arteko 72 metro izan ziren. Baldak azaldu duenez, heldu den urtean, dirua izanez gero, beste zati bat berrituko dute. Bidean gora, herritik 380 metrora, langa dago eta haraino porlaneztatu nahi du bidea kontzejuak, euria egiten duenean, urak bidean kalterik ez egiteko. Azkenik, Unanuko Kontzejuak mediku kontsultategiko leihoak aldatu egin ditu eta barruan pellet-a erregai gisa erabiltzen duen berogailua jarri du.