Astekaria

Maskaren atzean, herri bizi bat

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 15a, 13:12
Mutua, katolak eta mamoxarroa Mamoxarron Txokoan.

Mamoxarroei balioa emateko Mamoxarron Txokoa mustu dute Unanun. Gainera, 'Mamoxarroak. Las máscaras de Unanu' liburua aurkeztu dute.

Ekainaren 29an San Pedro eguna izan zen, eta, beraz, asteburu hartan Unanuko festak izanen ziren. Osasun krisialdia dela eta, ospakizunak bertan behera utzi zituen kontzejuak, baina ekimen berezia antolatu zuen: mamoxarroen liburuaren aurkezpena egin zuten, eta Mamoxarron Txokoa deitutako inauterien eta Unanuren inguruko museoa mustu zuten. Ekitaldian Oberena dantza taldeak emanaldia eskaini zuen, eta erakusketa gela aurreskuarekin zabaldu zuten. Egun handia izan zen Unanun.

Mamoxarroak Unanuko nortasunaren parte dira. Herriaren historiako elementu garrantzitsua. Joseba Urretavizcayak Ergoienako herrian maskara "batzuk" zeudela jakin zuen. Maskara horiek katolak dira, Unanuko inauterietako mamoxarroek eta mutuek aurpegia estaltzeko erabiltzen dituztenak. "Bazuten magia pixka bat". Katolak ezagutu nahi zituen, eta horretarako Angel Auzmendi unanuarrarekin elkartu zen. "Xarmangarriak iruditu zitzaizkidan Unanu eta ingurua". Argazkiak egiteko Auzmendiri eta bere taldeari Mamoxarren eta Mutuen berregiteak egiteko laguntza eskatu zien. "Eta herriaren laguntza osoa izan dugu". Egindako argazkiekin eta Álvaro Bermejoren testuekin liburu bat argitaratu dute: Mamoxarroak. Las máscaras de Unanu. Urretavizcaya liburuaren editorea da, eta azaldu zuzenez, liburu "oso zaindua" da, paper bereziarekin egina. Edizio berezia da.


F. Hualde antropologoa, J. Urretavizcaya argazkilaria eta editorea eta Á. Bermejo idazlea. 

Liburuan jasoa
"Liburu hau ospatzeko arrazoi bat da". Bermejok aspaldi ezagutu zituen katolak. "Ni aspaldi hasi nintzen hona etortzen, nire neska lagun ohiarekin, Begoña Ameztoirekin. Lizarragako eta Unanuko senideak zituen. Ikusi nuenarekin maitemindu nintzen". Familiako inork ez zion maskarei buruz hitz egin. "Liburu bat irakurriz jakin nuen Unanun burdinazko maskara batzuk zeudela, eta Begoñaren amari galdetu nion ea zer ziren Unanuko inauterietan ateratzen zituzten maskara horiek". Ez zidan asko kontatu. 30 urtez Ergoienara joaten egon zen, eta ezin izan zituen inoiz ikusi: "edo ez zen biltokiko giltza agertzen edo gordetzen zituen auzokidea ez zegoen...".

Katolen inguruan irakurtzen jarraitu zuen Bermejok, egun batean Pio Caro Barojarekin elkartu zen arte. "Teoriaren arabera, inauteriak kristautasunaren eta garizumaren ondorio dira. Baina, aurretik, zer zegoen?". Orduan, Caro Barojak esan zion hego haizeak hostoei buelta ematen ziela, hau da, "interpretazio asko egin daitezkeela, beste irakurketa batzuk egin zitezkeela". Historialaria datuetan oinarritzen zen, baina baliteke maskara horiek kristautasun aurrekoak izatea. "Inauteriarekin lotuta, baina ugalketa errituekin zerikusia zutenak. Sakrifizio errituekin lotura izan zezaketen ere, makilekin egiten den biolentziagatik".


'Mamoxarroak. Las máscaras de Unanu' liburuaren irudietako bat. 

Historia
Argazkiak egitera etorri zirenean, inguru horretan Ondatz herria zegoela esan zioten. Jentilen herria zen. "Hezurrak eta harriak omen zeuden, baina errepidea egitean desagertu ziren, eta orain ez da ezer gelditzen". Gauzek diruditen baino balio handiagoa dute. "Erlazionatzen hasi ginen: Beriain mendi sakratua zen,, eta bertan kultuak egiten ziren…". Orrialdeak bakarrik idazten ziren. "Inauteriak baino zerbait gehiago dira". Historia idatzita ez dagoen arren, "hor dago", eta azaleratzen joaten dela azaldu du idazleak. "Jentilek ardiak eta burdina ekarri zituzten. Hemen, aurretik, ez zen lantzen. Zer kasualitatea maskarak burdinazkoak izatea eta hemen egitea, artzain herri batean, jentilen herri batean".

Maskararen atzean herri baten eta lurralde baten bizitza dagoela esan zuen Bermejok. "Eta ez galdu. Egonen da egun bat jendea maskara horiek ikustera etorriko dena, eta herriari bizitza emanen diote". Belaunaldi askoren aurpegiak estali dituzte maskarek, "eta jarrai dezagun hau guztia ospatzen". Hamabi katola zeuden, eta sei iritsi dira gaur egun arte. "Ez galdu maskarak, eta, posible bada, falta direnak berreskuratu". Ganbaretan begiratzeko aholkua plazaratu zuen.

Fernando Hualde antropologoak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta herri batean liburu bat ateratzea "arrakasta bat" dela esan zuen. Editorialen interesak beste batzuk izaten dira, eta unanuarrak "zorionekoak" sentitu behar dira. "Gertatzen zaigu inauterien bezalako tradizioekin haiekin bizitzera ohituta gaudela, eta ez ditugu nabarmentzen". Baina zerbait oso garrantzitsua da. "Hemen zerbait berezia dago, bai ondasun inmateriala (inauteriak) bai modu materialean ere: katolak eta dantzak". Hori dena orain liburu batean jasoa gelditu da. "Zaindu behar ditugu gauza hauek. Gure sustraiak dira, gure izaera". Kanpotik zaintzera eta gordetzera inor ez dela etorriko esan zuen antropologoak.

Museoa
Eta unanuarrek aholkua jarraituko dute, eta ongi gordeko dituzte katolak. Mamoxarron Txokoa mustu zuten larunbatean ere. Areto txikia da, baina bertan herriaren historia eta esentzia laburbildu dute. Gela batean inauterietako mamoxarroaren eta mutuaren jantziak daude, eta erdian gaur egun arte gorde diren sei katolak. Inauterietako argazki zaharrak ere jarri dituzte, gordetzen dituzten bakarrenetakoak.


Mamoxarron Txokoan festetako argazki zaharrak jarri dituzte. 

Mamoxarron Txokoaren korridorean festetako argazki zaharrak jarri dituzte. Herritarrek gordeak zituzten argazkiak dira. Berrehun bat jaso dituzte. Asteburuan unanuarrek argazki zaharrak ikusten gozatu zuten, pertsonak identifikatzen eta garai bateko festak gogoratzen. "Haiek bai zirela festak" esan zutenak ere izan ziren. "Jan, edan eta dantza". Beste gelatxo batean Unanuko historia biltzen duen kronologia jarri dute.

Erlazionatuak