Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuko kamioi batek istripua izan zuen Unanuko Errota bidean astelehenean. Unanun bilketa egin ondoren Errepiderantz joaten zela, Leziza errekaren ondoan irauli egin zen kamioia. Gidaria eta peoia joaten ziren ibilgailuan. Kolperen bat eta hartutako sustoa badute ere, onik daude biak. LAB sindikatuak eskatu du istripuaren nondik norakoak argitzea. Aldi berean exijitu du “berriro horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartzea”.
Ezbeharraren ondorioz, astelehenean Mank-ek Arakilen eta Ergoienan (Unanu salbu) ez zen errefusaren bilketarik egin, astearte arratsaldean baizik. Hondakin Zerbitzuko teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azaldu duenez, “bilketarako zortzi kamioi ditugu oraintxe. Horietako bat Iruñerriko Mankomunitateak utzitakoa. Horiekin hondakinen bilketa bermatuta dago”. Furgoneta batek eta garbigune mugikorrak osatzen dute zerbitzuaren ibilgailu flota.
Zuzentzekoak
Gardek azaldu duenez, “istripua izan zuen kamioia joan den astera arte tailerrean egon da, atzeko aldeko bilketa kutxako konponketa bat egin zioten. Horregatik ez zuen Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) pasata. Txanda atzo 11:00etarako emana zioten”. Ibarreko erakundeko lehendakari David Oroz Alonsok azaldu duenez, “IATrekin halakorik berriro ez pasatzeko barne mekanismoak martxan jarri ditugu. IAT gabe ibiltzea ezin da berriro gertatu”. Istripuaren zergatiaz galdetuta, biek azaldu dute zaila dela jakitea arrazoia. Hala esan diete tailerrean. Mekanikarien balorazioaren zain daude, baina bien ere susmoa da kamioia erabilezin gelditu dela. 20 bat urte zituen ibilgailuak.
Orozek esan duenez, “azken urteetan kamioi flota berritzeko ahalegina egin dugu. Eta aukeren arabera horretan segitu nahi dugu, kamioiak zaharrak direlako”. Mank-ek 2019an eta 2020an kamioi bana erosi zuen. Bakoitzak 135.000 euro balio zuen. Aurten beste kamioi konpaktatzaile bat erosi nahi zuten, baina deialdia hutsik gelditu da. Enpresek eskaintzarik ez aurkezteko arrazoia eman du Orozek: “enpresek ez dituzte halako kamioiak stockean, propio muntatzen dituzte. Eta horretarako denbora behar da. Nafarroako Gobernuak erosketa egiteko dirulaguntza berandu eman zigun, uda bukaeran. Baina baldintza zen azarorako inbertsioa egitea. Enpresendako epe horretan kamioia muntatzea ezinezkoa zen, eta ez da inor aurkeztu”.
Hobetzeko gehiago
Mank-eko presidenteak azaldu duenez, beraien nahia izanen da heldu den urtean gutxienez kamioi bat erostea. Edo bi, bat materia organikoaren bilketarako eta bestea gainontzeko bilketetarako. Horretarako, jakina, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak garaiz iritsi beharko lirateke. Izan ere, Mank-en aurrekontua osatzen dutenak ibarreko udalak dira. Eta haiek, Mank bezala, edozein inbertsio egiteko foru administrazioaren menpeko dira.
Ibarreko erakundea bezala udalek ere hainbat arazo izaten dituzte Nafarroako Gobernuko dirulaguntza deialdiak berandu ateratzeagatik, esate baterako, nekazaritza azpiegiturak hobetzeko edo basolanak egiteko. “Deialdi ugarietan arazoa bera da, berandu egiten da eta gaizki ibili behar izaten dugu gero gauzatzeko. Hori bai, Nafarroako Gobernuak gero dena epean egitea edo dena ongi dagoela exijitzen du. Bestela, lana eginda eta dirulaguntzarik gabe geldi zaitezke”, azaldu du Orozek.
Foru administrazioko kontseilariak horren jakitun dira eta haiekin egoten diren bakoitzean gertatutakoak azaltzen dizkiete. Mank-eko lehendakariak argitu duenez, “aurreko legegintzalditik Nafarroako Gobernuan borondate aldaketa ikusten da. Haiek esaten digute arazoak dituztela kontu hartzaileekin-eta, eta horrek atzeratzen dituela deialdiak. Azkartasuna eta malgutasuna, findu beharreko gauzak dira”.