Mamoxarroak eta muttua kalera aterako dira, bildutakoak berotzeko prest.
1. Ittotiei edo ihoteei buruzko erakusketa polita prestatu duzue Unanuko eskola zaharretan.
Gure ittotiek urte asko dituzte, eta pena litzateke galtzea. Kontzejuan pentsatu genuen gure ohiturak erakusteko zerbait egin beharra genuela eta erakusketa txiki hau prestatu genuen. Bi pertsonaiak ditugu, mamoxarroa eta muttua, aurpegia estaltzeko erabiltzen ziren sei katola, herriko zaharrenak, ittotiei buruz egin genuen liburua, argazkiak eta bestelakoak. Halaber, herriko argazki zaharren bilduma ere ikusgai jarri dugu.
2. Jo eta fuego zabiltzate Unanun. Jo, mamoxarroek ederki asko berotzen dutelako, eta fuego, ittotietarako piperropilak prestatzen ari zaretelako.
Unanun piperropilak egiten ziren baina etxeetan. Amak piperropilak egiten erakutsi zigun, eta ittotietarako auzatean piperropil batzuk ateratzen hasi ginen. Etxean ezin genuenez kantitate asko egin, duela urte batzuetatik ona ittotie bezperan, larunbatean, elkartean biltzen eta piperropilak prestatzen hasi ginen. 200 baino gehiago egiten ditugu.
3. Piperropilak ittotietarako egiten al ziren bakarrik?
Nik uste dut neguko ospakizunetarako egiten zirela, eta tartean ittotietetarako ere. Larunbat arratsaldean zortzi-hamar lagun bilduko gara elkartean prestatzera. Arrautzak, irina, azukrea eta anisa dira osagaiak.
4. Nola egiten dira piperropilak?
Amari mimo handiz egitea gustatzen zaio, eta piperropilak egiten horren ongi erakutsi izana eskertzen diot. Osagaiak eskuz nahasi behar dira, geldi-geldi, eta berea du, masa ez delako ireki behar. Uneoro masa eskuekin biltzen eta biltzen egon beharra dago, eta tarteka irin gehiago bota, masa loditzeko. Masak lodia izan beharra du, ore bakarrean, sueltoa geratzen bada piperropila ere hala geratuko delako. Masarekin bolatxo batzuk egin behar dira eta horiei piperropilen forma ematen zaie, opil antzekoa. Eta gainetik arrautza jartzen zaie, brilloa egiteko. Labera sartu eta geldi-geldi egin behar dira. Zaindu behar dira, gehiegi eginez gero gogortzen direlako. Elkartean lanak banatzen ditugu: batzuk masa egiten aritzen dira, besteak tortaren forma ematen eta azkenak labean. Kate ona osatzen dugu.
5. Noiz jaten dituzue?
Igandean, mamoxarro txikitan, eta asteartean, mamoxarro handien egunean. Arratsaldeko lau eta erdietan ateratzen dira mamoxarroak, eta herrian bildutakoak izutzen aritu eta gero, auzatea egiten da eliza atarian. Gazta, txistorra eta piperropilak dastatzen ditugu. Asteburuetan kanpoan bizitzen diren unanuarrak etortzen dira, eta piperropila jatea gustatzen zaie. Auzatea bukatuta, mamoxarroak etxez-etxe ibiltzen dira, musika lagun, puska eskean eta kantuan. Saskian etxeetan emandako arrautzak, txistorrak eta jakiak biltzen zituzten, gero afaltzeko. Orain, guztiok afaltzen dugu elkartean, elkarrekin. Lehen etxe bakoitzean bi piperropil ematen omen zizkieten mamoxarroei, eta eurekin “botellero” deritzona joaten zen, mamoxarrei ardoa eta behar zituztenak eramaten.
6.Noiz etortzen da jende gehiago, igandean ala asteartean?
Igandean. Astez kanpoan bizi diren unanuar asko etortzen dira igandean, eta baita kazetari eta argazkilari asko ere. Asteartea da guretako eguna, herrirako. Guk agian asteartean disfrutatzen dugu gehiago.
7.Unanuko kaleetan kanpaxiyek edo txintxirrinak entzuten direnean...
Egia esan, inpresioa egiten du kanpaxiyen hotsak; halako beldurra sartzen zaio jendeari, mamoxarroak etortzen direlako. Txikitatik bizi izan dugu etxean sartuta egotea, leihotik begiratu mamoxarroak ikusi eta beldur hori… Tradizio polita da, ez dugu galtzea nahi. Dena den, orain suabeago egiten dugu. Amak kontatzen du gazteak zirenean mamoxarroak esaten zietela: “belauniko jarri, errezatu, edo hau eta hura esan... eta gogorragoak ziren. Orduan mutilak nesken atzetik ibiltzen diren, balkoietara igo eta etxe barrura sartzen ziren… sekulako festa zen eurendako.
8. Zein ezberdintasun dago mamoxarroen eta muttuaren artean?
Muttuak emakumezkoen jantzi koloretsuak ditu eta ez ditu kanpaxiyek eramaten. Hortik dator izena, muttua, ez zaiolako entzuten. Jendea non dagoen ikusten du, eta mamoxarroari abisatzen dio. Mamoxarroak kantzontzillo luze eta kamiseta txuriak dauzka eta kanpaxiyek. Biek zintadun txanoa dute, Unanuko etxeetan emakumeek prestatzen zituztenak, makila eta katolak.
9. Katolak ikusgarriak dira.
Erakusketan daudenak dira ditugun zaharrenak. Gaur egun ez ditugu hauek erabiltzen, ondare gisa bilduak ditugu. Altxor handia zirela esan ziguten, eta gorde behar genituela. Ez dakigu zehatz noizkoak diren, baina oso-oso zaharrak dira; gastatuta daude, eta xarma dute. Burnizkoak dira eta kolore ezberdinez daude margotuta. Lehen adarrak zituztela antzematen da, markak dituztelako. Egun erabiltzen direnak berriak dira; 16 maskara inguru izango dira. Kanpaxiyek doinu oso berezia egiten dute; halakoak lortzea asko kostatzen zaigu, bereziak direlako. Eta makilak Unanuko basotik hartuak dira. Izan ere gazteek ittotietan atera nahi dute eta materiala prest izan beharra dago.
10. Hori oso pozgarria da, erreleboa izatea. Emakumeak ere ateratzen al dira?
Bai, haurrek txikitatik bizi izan dituzte ittotiek. Duela lauzpabost urte inguru neskak ere ateratzen hasi ginen eta oso polita izan zen. Ni izan nintzen horietako bat, eta oso oroitzapen ona dut, ittotiek bizitzeko sekulako aldaketa izan zelako. Negar pixka bat egin nuen ere. Kattola zahar horietako bat utzi zidaten, eta niretzat sekulakoa izan zen.
11. Ittotietan Unanura etortzea gonbidatuko ditugu sakandarrak.
Bai, ezagutu ditzatela. Hemen egongo gara zain, piperropilekin eta txistorrarekin. Unanuko jendeari eskerrak eman nahi dizkiot, ittotiek antolatzen asko laguntzen dutelako.