Ospakizuna Unanun

Guaixe 2022ko abe. 13a, 10:56

San Andres zela eta festa eguna izan zen abenduaren 3an. 

San Andresi eskainitako ermita dute unanuarrek Dorraora eramaten duen bidearen bazterrean. Azaro akaberako ospakizuna abenduaren 3an egin zuten. Egitaraua ermitan egindako mezarekin hasi zen. Ondoren, Denok Bat elkartean, herri bazkaria izan zen. 50 bat unenuar elkartu ziren bertan. Eta aukera baliatu zuten herrian bertan bizi diren adineko unenuarrak omentzeko. Herriko armarria duen ttattar txuria Anjelitak eta Julianak jaso zuten. Bazkalostea kantuan eman zuten, guztiak giro ederrean.

Sainduaren egunean Unanun ospakizun handia egiten zuten garai batean. Baina festa galdu egin zen. Hala ere, unenuarren oroitzapenean gorde zen festaren oihartzuna eta duela 8 edo 9 urte berreskuratu zuten San Andresen omenezko eguneko ospakizuna. 

Garai batekoa
Jose Agustin Garziandiak Garai bateko Unanuko oiturak eta olgak (2004, Auspoa) liburu ederrean jaso zuenez, San Andres egunaren bezperan gizonezkoak mahaiak eta errespaldoak jasotzen zituzten etxez etxe eta San Andresak ematen zituzten etxera eramaten zituzten. Baita gingirriñak eta oilarrak ere. ″Ardiak ere bezperan hiltzen zituzten, serenoan jartzeko, gau guztia zintzilika″, jaso zuen Garziandiak liburuan. 

Idazle unanuarrak azaldu zuenez, San Andres egunez eltzekoak prestatzeaz emakumezkoak arduratzen ziren: tripotxak, zopa, txitxirioak eta ardikia txilindronean. Oilarrak erretzeaz gizonezkoak arduratzen ziren. ″Gogoratzen naiz bein baño geiagotan nola faten giñan ogi-zatia artuta mutikoak, errearen azpian jartzera. Oso gozoa izaten zan jateko″, idatzia utzi zuen Garziandiak. Azaldu zuenez, eguna hasteko ″gosari ederra″ izaten zuten: tripotxak, ″eta gero buru, menudoak eta gainerakoak. Majo ateratzen ziran, musu gorri-gorriarekin denak ere, desafioka musera elkarri″. Ermitan meza nagusia egiten zen. Eta bazkari ederra egiten zuten San Andres egunez, Garziandiak nabarmendu zuenez. Liburuan aipatu zuenez, mutikoek ere parte hartzen zuten festan. Ondarrak jatera joaten omen ziren, eta txitxirioak eta guzti ematen omen zizkieten. Neskatoak joaten ziren edo ez ez du gogoratzen. Etxera gizon askok haragi erre puska bana paperean bilduta eramaten zutela ere azaldu zuen Garziandiak.