Atletismoa

Bi anaiak eskutik helduta iritsi ziren Unanura

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 2a, 12:45
2023ko Ergoienako Birako podiuma.

Gomez anaiak elkarrekin iritsi ziren Ergoienako Birako helmugara. Haien atzetik Maite Beregaña sartu zen. Proba nagusiaren aurretik txikien eta ertainen lasterketak jokatu ziren, eta bukaeran auzate ederra egon zen guztiendako.

Aurten Unanuko kontzejuari zegokion XVII. Ergoienako Bira-Jose Mari Merceroren Oroimenezko 3. Sariaren antolaketa, eta goizean goiz bildu ziren bertan parte hartu zuten korrikalari heldu, gazte eta txikiak. Lehenik eta behin, txikiak eta gaztetxoak atera ziren. Kanposanturaino joan etorria egin zuten txikienek, eta Dorraora iritsi eta buelta, aldiz, ertainek. Azken hauek arnasestuka iritsi ziren, buelta ez baitzen makala. 

Ordurako helduak prest ziren. Dantzaleku Sakanakoak gehienak, guztira dozena bat korrikalari inguru ziren irteeran bildu zirenak, azken urteetako partaidetza jaitsieraren tendentziaren isla. “Izan ere, Ergoienako Bira proba gogorra da. 8,5 km dira, baina 8,5 km gorabeheratsu, maldan gora eta behera ibili beharrekoak” zioten korrikalariek, “ez da edonork lasai egin dezakeen lasterketa”. 

Unanutik abiatuta, Dorraora iritsi ziren, han buelta hartu eta Unanutik pasa ziren, Lizarragarantz jotzeko. Ordurako Francisco Javier “Pitxi” eta Juan Carlos Gomez anai altsasuarrak elkarrekin zeuden buruan, eta atzetik Maite Beregaña uhartearra iritsi zen. Tantaka pasa ziren korrikalariak. “Lizarragako tarte hori da okerrena, alde handiz” zioen lasterketa bukaeran Urko Rekalde lakuntzarrak. Lizarragatik Dorraora jo zuen lasterketak, Unanuko plazako helmugara heltzeko. Txalo artean sartu ziren Gomez anaiak, eskutik helduta, Pitxi lehena (38:04). “Photo finisha beharko dugu lehena nor izan den ikusteko” zioen txapeldunak, irribarrez. 

Atzetik Maite Beregaña sartu zen (38:58), sailkapen absolutuan hirugarren eta lehen emakumezkoa. Gizonezkoen podiuma Javier Mañeruk osatu zuen, sailkapen absolutuan laugarren izan zenak (41:44). Bigarren emakumezkoa Erkuden San Martin etxarriarra izan zen (44:16), sailkapen absolutuan zazpigarrena. Bukatzeko, Santi Agirre iturmendiarrak (42:42) gazta jaso zuen sari, adinez nagusiena izateagatik. “Hau da sari onena” eskertu zuen. Irabazleek Unanuko kattola eta dirua jaso zuten opari, eta gainontzekoek gazta ederra.

Sari ematea baino lehen, 2019an zendutako Jose Mari Mercero korrikalari unanuar beteranoa izan zuten gogoan. “Gure probak bere izena darama, eta beti izango dugu gogoan, berak Ergoienako Biran eta inguruko lasterketa herrikoi guztietan parte hartzen zuelako” azaldu zuten antolatzaileek, haren alaba zenari lore sorta eskaintzen zioten bitartean. Haurrak ere podiumera igo ziren dominak jasotzera, eta partaide guztiendako bisera, metalezko ur botila eta txutxeak izan ziren. 

Ergoienako Bira auzate ederrarekin despeditu zen. Datorren urtean, Dorraoko Kontzejuak hartuko du Ergoienako Biraren antolaketaren ardura. 


ELKARRIZKETAK
“Ergoienakoa lasterketa dibertigarria da, baina proba gogorra”
Maite Beregaña

Zer moduz joan da lasterketa?
Oso ongi, gustura ibili naiz. Bigarren aldia da parte hartzen dudala, hain zuzen ere Unanun jokatutako aurreko edizioan parte hartu nuen. Baina normalean Ergoienako Bira Uharte Arakil Beriain Km Bertikalarekin batera jokatzen da, eta ni bertikalean aritzen naizenez, ezin dut etorri. Aurten ez dira batera jokatu eta horregatik etorri naiz, pozik. 

Bertikaletik bazatoz, Ergoienako aldapekin kezka gutxi izango zenuen.
Ez pentsa, Ergoienako Bira lasterketa oso gogorra da. Uneoro zabiltza gora eta behera, gora eta behera, hankak txikituta, eta ezin duzu erritmoa hartu, baina gustura aritu naiz. Ergoienako ingurunea izugarri gustuko dut, Beriaingo magalak zoragarriak dira. Disfrutatu dut, lasterketa dibertigarria izan da, baina proba gogorra.

Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean egindako lanarekin kontentu?
Bai, baina Beriain gainean kazkabarra ari zuen. Hasieran beroa eta hezetasuna, eta gero goian lainoa, kazkabarra... Portura iristerakoan kazkabarrarekin ezin nuen arnasa ere hartu, haizea... mina ematen zuen. Eta pentsatu nuen: baselizaraino oinez eta kitto. Herriko proban parte hartu beharra dago. 

Hemendik aurrera, zer?
Denboraldia hasi berria dut, Km Bertikalean hasi nintzelako. Asteburuan Uharte Arakilgo festak direnez ez dut lasterketetan parte hartuko, eta hortik aurrera unean unekoa. Ahal dudanean korrika egitera ateratzen naiz, eta ezin dudanean, ez. 

 

“Halakoetara etorri behar da, eta gustura, gainera”
Pitxi eta Juan Carlos Gomez

Zer moduz joan da lasterketa?
Oso ongi, proba polita da. Ahal dugun guztietan etortzen gara Ergoienako Birara, baina noizbait Altsasuko festekin batera jokatu izan da eta urteren batean huts egin genuen.

Ergoienako Bira nolakoa da?
Oso proba polita. Gogorra? Beno, jartzen diozun erritmoaren arabera. Igoera ez da zelaian korrika egitea bezala, eta jaitsierak hankak zigortzen dituzte, eta Lizarragako sarrerako eta irteerako malda horiek... baina gustura. 

Elkarrekin osatu duzue ibilbide guztia.
Hasieratik ikusi dugu ez zeudela korrikalari asko eta arerio gogorrik. Pena da; nahiago genuke hamargarren sailkatzea baina lehia gehiago egotea irabaztea baino. Egutegia estu dago, eta korrikalari askok, geroz eta gehiago, nahiago dute “proba profesionalagoetara” joan, homologatuetara, denbora eta markak egitera, herrikoietara joatea baino. Pentsa, Ergoienako Birako argazkiren bat dugu, hasierako edizioetakoa, Dantzalekuko hamabospasei korrikalari gaudela. Sakanan dauden korrikalari guztiekin, hemen lasterketa polita prestatu eta geroz eta korrikalari gutxiago etortzea pena da. Herri txiki hauetako bizilagunek esfortzu handia egiten dute, eta lasterketa honek bizia ematen die. Halakoetara etorri behar da, eta gustura, gainera. 

SAILKAPENAK
Ergoienako Bira (8,5 km)
Gizonak
1. Francisco Gomez 38:04
2. Juan C. Gomez 38:05
4. Javier Mañeru 41:44
5. Santi Agirre  42:42
6.Jose A. Salgado 42:50
8. Xabi Cuesta 44:25
9. Urko Rekalde 44:43
10. Aingeru Azazeta 48:53
11. Mikel Lizarraga 51:59

Emakumeak:
3. Maite Beregaña 38:58
7. Erkuden S. Martin  44:16

Ertainak:
1. Aitz Alikane
2. Aiora Resano
3. Ibai Cuesta
4. Izadi Alikane
5. Izar Vergara
6. Naroa Lazkano
7. Amaiur Cuesta
8. Izaro Resano
9. Izaro Lazkano

Txikiak:
1. Adei Mozo
2. Eneko Lopez
3. Aimar Mañeru
4. Oier Gaulabur
5. Anne Lizarraga
6. Ugaitz Gaulabur
7. Uxue Lopez
8. Anaitz Imaz
9. Luken Mozo

Erlazionatuak