Aparkalekua egiteko ardura kontzejutik udalera

Guaixe 2023ko aza. 23a, 13:03
Behin behineko aparkalekua Unanun, Otxoa de Olzaren omenaldiaren egunean. ARTXIBOA

Unanura joaten diren mendizaleendako izanen da. Nonahi utzitako autoek arazoak sortzen dituzte.

Beriainek erakarrita makina bat jende joaten da Unanura, eta autoa nonahi aparkatzen du. Horrek herritarren eta abeltzainen ibilgailuak normal ibiltzeko zailtasunak sortu eta eskola garraioko autobusek buelta ematea zaildu egiten dute. Ez aparkatzeko marra horiak lurrean margotu zituzten, alferrik. Egoerari konponbidea emateko Unanuko Kontzejuak aparkalekua egitea erabaki zuen. Baita Cederna Garalurren bidez 50.000 euroko dirulaguntza lortu ere. Toki erakundeendako Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planen deialditik jasoko dirua kontzejuak. 

Aparkalekua ur biltegitik gora doan pistan eginen dute, langa pasa eta eskuinera. "Gertuago ez dugu herri lurrik, eta lurra erosteko laguntzarik ez dute ematen", azaldu du Santiago Berastegi Lizarragak, kontzejuko presidenteak. Azaldu duenez, "50 bat autorendako tokia izanen du. Egin eta gero ordenantza eginen dugu eta ezinen da beste inon aparkatu". 

Kontzejuak dirulaguntza eskaera bideratu zuen, "baina udalak baimenak eta bestelakoak maneiatzen dituenez, aparkalekua eraikitzeko kudeaketa udalaren esku uztea erabaki du Unanuko Kontzejuak". Laguntzarekin pagatzen ez dena kontzejuak ordaindu beharko luke.