Astekaria

Mitoaren erdigunea

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urr. 10a, 12:19

ZETAKen kontzertua Unanun. UTZITAKOA

Unanu herriari eta mamuxarroei "esker oneko" kontzertua eman zuen ZETAKek irailaren 28an, Ergoienako herrian. Mila pertsona inguru bildu ziren plazan. Angel Auzmendi unanuarra "herri lan handi" bateko pieza garrantzitsua izan zen

Unanuko mamuxarroak, Altsasuko momotxorroak eta Arbizuko txatarrak irailaren 28an Unanuko plazan bildu ziren ZETAKen doinupean. MITOAROAren lehenengo urratsak eman ziren Ergoienako herrian egindako kontzertu berezian. Mila pertsona inguru bildu ziren Unanu herriari eta mamuxarroei esker oneko kontzertuan. Emanaldi "ahaztezinean" Pello Reparazek auzolanean "fijazioa" duela esan zuen, eta Hatortxurock bezala jaialdi bat auzolanean antolatzen dela gogoratu zuen, Unanuko kontzertua auzolanik gabe ez litzakela posible izango esan zuen ere. 

Auzolana aipatu du Angel Auzmendi adopzioz den unanuarrak ere. Auzmendik eskerrak eman nahi dizkie boluntario izandako herritarrei, Unanuko kontzejuari eta Ergoienako Udalari eta plaza inguruko etxeko jabeei, ateak ireki zituztelako: "Denei eskerrak eman; horiengatik izango ez balitz, hau ez litzateke aurrera aterako".

Mamuxarroak
Ataunen jaioa, Ordizin bizi izan da Auzmendi eta pandemian Unanura bizitzera joan zen. Orduan hasi zen mamuxarroen inguruan lan egiten. "Denbora asko behar izan da Mamuxarroen txokoa egiteko; argazkiak bildu, liburu bat egin zuten ere...". Duela urte eta erdi ZETAKeko Ane Eskala eta Artzai Iraurgi berarekin harremanetan jarri ziren; "nirekin elkarrizketa bat egin edo zerbait komentatu nahi zutela esan zidaten eta Arbizuko kanpinean geratu ginen". Aurretik Auzmendik ez zituen ezagutzen, eta ZETAK "entzunez" ezagutzen zuen. Hortik hasi ziren.

"ZETAK proiektu berri batekin zebilela, mitologiaren gaiarekin, eta Unanuko mamuxarroekin eta haien materialarekin zerbait egin nahi zutela esan zidaten". Mamuxarroen katolak, panpaxilak, txanoak eta abar erabili nahi zituzten. "Ni hemen kanpotarra naiz, auzolanean aritu naiz eta inauterien inguruko lanak egiten ari naiz, baina kontzejuarekin hitz egin behar nuen baimena eskatzeko". Kontzejuarekin hitz egin zuen, "eta ni arduratzen banintz dena nire esku uzten zutela esan zidaten". 

Poliki-poliki AAZTIYEN diskoaren iruditeria sortzen joan ziren, "eta iritsi zitzaidan larunbateko mobida hori antolatu nahi zutela". Hasiera batean ez zuten zabaldu nahi izan, "pixkanaka lantzen" joan direla azaldu du Auzmendik. Duela bi hilabete inguru irailaren 28an izango zela jakinarazi zioten. "Goiko jendearekin hitz egin behar nuela esan nien. Udalean eskuak burura eraman zituzten: 'Baina, Angel, zuk badakizu zer etorriko den?' Unanukoek, aldiz, baietz esan zuten, tartean alkateak. Horrela hasi ginen gauzak lotzen".   


ZETAKen kontzertua Unanun. MARIO LEZAUN

ZETAK Unanuko plazan. Hori zen taldearen hasierako nahia: "Mitologia horren barruan plazak xarma ematen dio; mitologia horren erdigunea bezala sentitu zuen". Gainera, Unanu Euskal Herriko erdigunea ere dela gogoratu du Auzmendik. 


"Kontzertua baino ZETAKek ikuskizuna ematne du; jendea pozik atera zen" ANGEL AUZMENDI

Hasiera batean neurketa batzuk egin zituzten eta 750 bat pertsonendako "polita" izango zela ondorioztatu zuten, "baina hori nola lortu gero ondo neurtzeko?". Azkenean, mila pertsonendako jarri zuten eta hamar euroko sarrera sinbolikoa jarri zuten, gehienbat edukiera kontrolatzeko. "Horrela ongi joan da; mila lagun oso ondo sartu dira, jendea pozik atera zen, sartu zen jende guztiak ikusi zuen ikuskizuna". ZETAKek egiten duena ikustekoa dela esan du Auzmendik, "kontzertua baino gehiago ikusteko ikuskizuna ematen du ZETAKek". Dena oso ongi joan zela eta arazorik ez zela sortu gaineratu du unanuarrak.

Herri txiki bateko plazatik, Nafarroa Arenara joango dira larunbatean Unanun egon ziren mamuxarroak, momotxorroak, txatarrak eta haiekin batera Iturengo eta Zubietako joaldunak, Lantzeko inauterietako pertsonaiak eta Tuterako zipoteroak ere. MITOAROA urtarrilaren 3an eta 4an izango da, eta 3rako saiorako sarrerak salgai daude. "Ni joango naiz, nola ez. Mamuxarroak egongo dira, eta laguntzera joango naiz ere". Unanun egindakoa "baina handian" izango dela uste du Auzmendik.  

Herria
Larunbatekoa zerbait historikoa izan zen Unanun. "Inauterietan jendea etortzen da, baina ez horrela; festetan ez da hainbeste jende etortzen". Unanuarrek egun osoko egitaraua prestatu zuten, "etortzen zirenendako egun pasa izateko". Hortaz, eskoletako plazan herri kirolak izan ziren, poteo eta trikitixak, herri bazkarian bildu ziren, eta arratsaldean musika izan zen kontzertu garaira arte. Auzolanean ere bokatak prestatu zituzten, "gau luzea izango zelako". Dena oso ondo joan zela esan du Auzmendik. Dena antolatzeko, aurreko egunetatik eguraldiari begira egon ziren; "nora joan ez genekien eguraldi ona eskatzeko". Ostiralean aparkalekuak antolatzen hasi zirela azaldu du Auzmendik, "jabeekin hitz egiten eta dena antolatzen". Bestetik, Irurtzungo, Lakuntzako eta Altsasuko udalei eskerrak ere luzatu dizkie, "komunak prestatu zituzten eta eszenatokiarekin lagundu zuten ere". Sakandarren arteko auzolana izan zen Unanukoa; "ikustera etorri zen jende gehiena ere hemengo jendea zen, sakandarrak".


Unanuarrek egun osoko egitaraua antolatu zuten, tartean herri bazkaria. UTZITAKOA

Guztira, 80 boluntariok lan egin zuten ZETAKen Unanuko kontzertua aurrera ateratzeko. "Biztanleak baino gehiago iaia. Bertako jendea kanpoan bizi dena, semealabak...". Laguntzaileen artean kontzertua ikusteko aukerarik ez zutela izan aipatu du, "batzuei kanpoan lan egitea tokatu zitzaien". Izan ere, herria itxi zuten, eta bertan jendea behar izan zen ere. Lau hilabetetan disfrutatzeko aukera izango dutela gaineratu du, Nafarroa Arenan emango duen MITOAROAn. 

"Nik lan gehiena egina neukan, baina barruan tximeletak nituen eszneatokira igo behar nintzelako. Dena prestatuta nuen, eskerrak eman behar nituen eta zozketaren zenbakiak atera. Tentsio batean bizi izan nuen". Azkenean, eszenatokian zegoela "Pellorekin hitz batzuk egin" eta ahotsik gabe ere zegoenez, ez zuen lortu esatekoa zuena helaraztea: "Gauza bat eta beste boluntarioei, udalari eta plazako etxeetako jabeei eskerrak ematea pasa zitzaidan; zenbakiak ez genituen atera...". Hala ere, "atsegina" izan zela esan du Auzmendik, "disfrutatu nuen ere". Hortaz, 20, 23, 90 eta 207 zenbakiak atera ziren zozketan (MITOAROArako bi sarrera).