Astekaria

"Jende askok parte hartzen du"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko uzt. 1a, 11:00

Unenuarrak auzolana egin zuten joan zen larunbatean. UTZITAKOA

Hiru festa egun izan zituzten Unanun, ekainaren 27an hasi eta 29ra arte; ospakizunen aurretik herritarrek auzolana egin behar izan dutela esan du Ainhoa Hernan Mendibek. 

Urtean behin dituzte festak Unanun. Asteburuan izanen dira. Unenuarrak "animosoak" direla  argitu digu Hernanek. Gaineratu duenez, "jendeari herriko festak gustatzen zaizkiola. Beste gauza bat da, beste giro bat. Etxean bezala zaude. Unanuko festak oso alaiak dira". 

Festak antolatzeaz nor arduratzen da?
Normalean kontzejuan dauden lau edo bostek dute ardura. Musika, ardoaren eta gaztaren banaketa beraiek antolatzen dute. Eta herriko jendeari laguntza pixka bat emateko hots egiten digute, esaterako, auzatean banaketa egiteko. Festak bukatzean hurrengoak prestatzen berehala hasten zara. Gauza asko antolatu behar dira.

Festen egitarauan ez da agertzen, baina, oker ez banago aurreko asteburuan auzolana egiten duzue, ezta? 
Bai. Normalean, herria garbitzen dugu, banderatxoak jartzen ditugu eta musikariendako kioskoa plazan jartzen dugu. Festak baino aste bat lehenago dena prestatzen dugu. Herriak laguntzen du. Zerrenda bat dugu, jendeak izena ematen du eta festetarako dena prestatzen dugu. Jakina, dena eginda ikusten da, baina horren atzean lana dago. Horregatik aste bat lehenago prestatzen dugu guztia. 

Banderatxoak eta kioskoa jartzea, bale. Garbitzearena? Herrian barna erratza pasatzen duzue? 
Bai, erratza pasatu, belarra moztu, eskolak garbitu... Dena txukuntzen dugu.  

Auzolan hori noiz egiten duzue?
Festak baino asteburu bat lehenago egiten dugu. Kanpoan bizi den Unanuko jendea ere etortzen da eta festen prestaketa lanak egiten laguntzen du. Jende asko egoten da. Kasik 40 pertsona, gehiago batzuetan. Ikusten ari gara urtero gazteak animatzen direla auzolana egitera. Adineko batzuk dagoeneko ezin dute egin, baina seme-alabak edo aritzen dira. Jendea asko animatzen da auzolana egitera. Nahi dute Unanu herria izatea, baita txukun egotea ere. 

Zenbat ordu irauten du? 
08:00etatik 13:00etara edo 14:00etara egoten gara, dagoen lanaren eta elkartzen garen jende kopuruaren arabera izaten da lehenago bukatu edo ez.  

Auzolanean zaudetela, gosaltzeko gelditzen zarete?
Ohitura da gosaria egitea. Batzuk gosaria prestatzen egoten dira. 10:00etan gelditzen da. Denok bat elkartean gosaltzen dugu. Eskerrak elkartea dugun! Urdaiazpikoa, txistorra eta arrautzak. Ondoren kafea. Nahi duenak, pixka bat, kopa. Gosari ona izaten da, handia. Gosaldu eta, atzera ere, lanera. Herri txikietan auzolana ohitura da. Baina guretako gosaria oso inportantea da, gero lanean segi behar duzu. Eta tripa beteta hobe ateratzen zara. 

Gosarian kontu kontari ibiltzen zarete?
Bai, festak heldu direla, elkartuko garela, jendea ikusiko dugula, zer egin behar dugun, zertan ari garen, garai bateko kontuak atera... Gauza asko ateratzen dira. Zeren denok presaka bizi gara. Bizia horrela da. Lana, aste bukaeratan jende gutxi. Ongi pasatzen dugu. Nire ustez auzolana leku guztietan egon beharko luke, jendea elkartzeko gauza inportantea da.   

Urtean zenbat auzolan daude? 
Bi. Bat festetarako da. Eta bestea iraila aldera, negua hasi baino lehen, neguan ezin baita gauzarik egin. Horrela herria txikia txukunduta uzten duzu. Berez herria txikia da, baina pixka bat txukun izan behar duzu. Ez da festak heldu direlako egiten, jarraipen bat emateko da. 

Herritar guztiek joan behar dute auzolana egitera? 
Bai. Ikusten ari gara auzolanena asko mugitu dela. Herria mantentzeko. Lehen joaten ez zen jendea orain joaten hasi da, eta gustura joaten da. Hori oso ongi dago. Herri txikia da eta ikusten da mugimendua dagoela. Hori oso polita da.  

Auzolaneko arduraduna egoten da? 
Kontzejukoak joaten dira eta lanak banatzen dituzte. Egin beharreko dena pixka bat antolatuta dute. Egun batzuk lehenago herria nola dagoen begiratzen dute eta zer gauzak falta diren ikusten dute, bakoitzak zer egin behar dugun jakiteko. Ez da joan eta geldi egotea. Oso ongi antolatuta dute. 

Joaten ez denari, zer?
Isun txiki bat jartzen dio kontzejuak. Herri txikia denez, konpentsazioa jarri beharra duzu. Batzuk adina dute eta horiek ez dira joaten. Eta 15 urtetik gora laguntzera joan daitezke. Eta dauden gutxiak joaten dira. Ezin gara kexatu, horretan zortea dugu.  

Nolakoa izan zen zure lehen auzolana?
Oso polita. Emakumezkoak ere joaten gara, hiruzpalau. Eta denok bezala lan egiten dugu. Ni gauzak garbitzen egon nintzen: frontoia, eskolak, belarrak hartzen... Eta gero, beharbada, gosaria prestatzera joaten nintzen. Bi edo hiru urte joan naiz, eta oso gustura. 

Auzolana egin ondoren, etxera zein sentsaziorekin bueltatzen zara?
Oso onarekin. Niretako sentsazio ona da, herriarendako gauza oso on bat egin duzulako. Horrekin gelditzen zara sentipen onarekin. Gero festetan jendea gustura dagoela ikusten duzu.