Hainbat eraikuntza lan egiten ari dira Unanun

Guaixe 2025eko irailaren 29a

Lau etxebizitza hartuko dituen eraikina. Kalean behera kontzejuarena dago.

Kale berean bi etxebizitza berri jaso dira eta guztira sei etxebizitza egiten ari dira. Haietako bi kontzejuak egin ditu eta alokatzeko izanen dira. Etxeak berritzeko lan gehiago ere badaude martxan

Beriain bidea karrikan mugimendu handia dabil aspaldian. Plazako iturritik eskuinera dagoen karrika horretan bi eraikuntza lan egiten ari dira. Alde batetik, eraikuntza enpresa batek etxe zahar bat bota eta berria jasotzeko lanak egiten ari da. Eraikin berriak lau etxebizitza hartuko ditu. Karrikan behera, berriz, unenuarrak dira lanean daudenak. Herriarena zen borda bat eraitsi eta etxe berri bat eraiki dute. Han bi etxebizitza prestatu dituzte. Unanuko Kontzejuaren asmoa da etxebizitza horiek alokatzea, herriko gazteei herrian bertan bizitzeko aukera emateko edo herrira jendea erakartzeko. Lanak egiteko kontzejuak ez du inolako dirulaguntzarik jaso, berritu zena ez baitzen etxe bat borda bat baizik. 

Unanuko Kontzejuak dagoeneko badaki zer den etxebizitzak alokatzea, beste hiru alokatuta baititu. Haietako bi Denok Bat elkartearen gainean daude, eta bestea maistruena zen etxea da. Horiek ere auzolanean egokitu zituzten. Orain berritzen ari diren etxebizitza hori da kontzejuak jabetzan zuen azken eraikina. Beraz, hemendik aurrera populazioa finkatzeko, etxebizitzaren arloan beste neurriren bat hartu beharko du Unanuko tokiko erakundeak. 

Aipatutakoez aparte, eraikuntza mugimendu gehiago dago Unanun. Plazako iturriaren ezkerretara dagoen etxe batean konponketa lanak egin dituzte. Bestetik, Nagusia eta Iber karriken bidegurutzean dagoen eliza ondoko etxea aldamioz inguratuta dago. Aspaldiko partez, beraz, mugimendua dago. 

Bestalde, Ergoienako Udalaren oniritzia jaso ondoren, Nafarroako Gobernuak azken baiezkoa emateko zain dago Unanun garatu nahi den hirigintza proiektu bat. Herrira eramaten duen NA-7102 errepidearen eta Ondazko bidearen arteko bi partzela dira, frontoiaren ondoan daudenak. Eraikuntza enpresa batek sustatu zuen udalaren hirigintza planaren aldaketa egituratzailea, lursaila eraikigarria bihurtzeko asmoz. Aurreikusitakoaren arabera, partzelaren erdian kale bat eraikiko litzateke, errepidea eta bidea lotuko lituzkeena. Kale berriaren bi aldeetara guztira 15 etxebizitza familia bakar eraikiko lirateke.