Mendizaleendako propio eraikia

Guaixe 2025eko urriaren 8a

Babatzeko portalanga ondoan prestatutako tokian ibilgailuak aparkatuta.

Beriainek erakarritako mendizaleen autoek Unanu bertan arazoak sortzen dituzte, eta mendiko bide bazterrean aparkatuta, ingurumen kalteak. Horiek zuzentzeko bisitariendako aparkalekua egin da.

Dagoeneko erabilgarri dago Babatzetako portalanga ondoko autoendako aparkalekua. Aparkalekuak 1.406 metro karratuko azalera du, 85 metro luze eta 18 metro zabal. Lursailak 56 ibilgailurendako aparkaleku jartzeko jartzeko aukera ematen du, baina proiektuaren helburua natur gunera joango diren ibilgailuen kopurua ordenatzea da, eta, beraz, hasieran 19 aparkaleku jarri dira. Haietatik 15 ohiko aparkamendu plaza, eta bina zero isuriko eta mugikortasun mugatuko pertsonen autoendako. Azken lau plaza horien parean seinaleztapen bertikala jarri da. Gainera, aparkalekuaren sarreraren ondoan hondakinak jasotzeko gunea dago. Lanengatik Ergoienako Udalak 38.720 euro (BEZ barne) ordaindu ditu, Unanuko Kontzejuak haren eskutan utzi baitzuen horretarako ardura. Lana finantzatzeko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planeko 35.000 euro jaso ditu.

Beriain inguruko tontor ezagun eta preziatuenetako bat da, eta Unanuko eta inguruetako mendizaletasun eta erakargarritasunari laguntzen dio. Hori guztia oso arazo garrantzitsua da unenuarrendako, naturarekin lotutako jardueretako zale asko joaten delako eta haiek hartzeko azpiegiturarik ez dagoelako herrian. Herrian eta mendira bidean ibilgailu ugari daude etengabe. Ibilgailuen fluxu horrek bisitarien segurtasuna arriskuan jartzeaz aparte, natur inguruneari ere kalte egiten dio, lurzoruaren higadurari eta paisaiaren degradazioa azkartuz. Izan ere, arautu gabeko aparkalekuak lurzorua trinkotzea, inguruko landaredia suntsitzea eta, oro har, kutsadura eta tokiko ur-baliabideak kutsatzea eragiten du edo eragin ditzake.

Pertsona fluxu hori eraginkortasunez eta behar bezala hartzeko, eta unenuarren bizi kalitateak kalterik ez izateko, kontzejuak beharrezkoa jo zuen naturalaz gozatzera joaten diren pertsonen ibilgailuendako aparkalekua eraikitzea. Hala, mendiaren osotasuna zaindu, hiri-espazioa antolatu eta eremu natural horren epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko.