1. Unanun betidanik ezagutu duzu ihoteetan piperropilak dastatzeko ohitura?
Txikia nintzela ez zegoen piperropilak auzatean banatzeko ohitura; duela 20-25 urte hasiko ziren piperropilak banatzen, gazta, txistorra eta ardoarekin batera. Aurretik, gure etxean ez zegoen piperropilak prestatzeko ohitura, baina beste etxe batzuetan bai; hain justu, gure aldamenekoek egiten zituzten eta txikitan dastatzen genituen.
2. Zein dira osagaiak? Eta nola prestatzen dira?
Osagaiak arrautzak, azukrea, irina eta anisa dira. Lehendabizi masa egiten da, osagai hauek nahastuta. Uste dut ez dela hain garrantzitsua osagaiak nahasteko ordena, baina anisa bukaera aldera botatzen da. Bestalde, kantitateekin urtetik urtera moldaketa txiki batzuk egiten dira ore hori bigunagoa geldi dadin.
3. Kontuan hartuta Unanun ihoteak igandean eta astearte ittotetan ospatzen dituzuela, piperropilak noiz prestatzen dituzue ?
Normalean larunbatean prestatzen dira. Hasiera batean piperropilak gure aldamenekoen etxean egiten ziren, baina kantitate handiagoak behar izan zirenean elkartera pasa ginen eta duela zenbait urtetik hona bertan egiten ditugu.
4. Itxura aldetik, luzexkak dira.
Bai, piperropilak labean sartu baino lehenago arrautzarekin marrazten dira, brillo eta kolore horixka hori lortzeko.
5. Zenbat piperropil prestatzen dituzue?
Ez nuke jakingo esaten. Lau masa prestatzen dira eta horrek bi egunetarako ematen du. Piperropilak puskatan zatitzen dira eta bi egunetan probatzeko adina ematen du.
6. Piperropilak prestatzera jende asko biltzen zarete?
Bai, nire inpresioa da urtetik urtera jende gehiago biltzen doala. Une polita da herrikoekin elkartzen zarelako eta lan egiten dugun bitartean barre algara batzuk egiten ditugulako.
7. Nolako harrera izaten dute?
Ona, jendeari piperropilak gustatzen zaizkio. Gehienak zain egoten gara. Azkenean, urtean behin prestatzen ditugu, ihoteetako bi egun horietan jateko. Itxaron behar horrek nik uste jendeari piperropilak jateko gogo handiagoa ematen diola.
8. Unanukoak mamoxarroak edo mamuxarroak dira?
Biak erabiltzen dira, mamoxarro edo mamuxarro, o eta u letren arteko dantza hori bai, baina sarritan entzuten diren beste hitz batzuk, momotxorroak edo moxaurreak, esaterako, ez.
9. Mamoxarroen kanpaxiyek soinu berezia egiten dute. Muttuak, aldiz, isilik gerturatzen dira. Nola joan dira aurtengo ihoteak?
Ongi. Jende pila bat etorri da, asteartean agian inoiz baino jende gehiago. Bi egunetan hamahiru mamoxarro inguru atera dira; gurea bezalako herri txiki batean halako parte hartzea izatea eskertzekoa izateaz gain, poztekoa ere bada.
10. Kattolak aurpegian, makil luzeak bizi-bizi astintzen jarraitzen dute?
Bai. Agian lehen basatiagoa zen, baina oraindik makilak dantzan dabiltzan bitartean jendea korrika eta saltoka ibili beharko da. Ni aurten ez naiz mozorrotu, kalean ibili naiz mamoxarroak ikusten, gustura. Gazteagoak ginenean kolpe gehiago jasotzen genituen. Urteak betetzeak estatus hori ematen digu: makilkada gehiagoz libratzen gara (kar-kar).
11. Zetak taldearen ikuskizunek Unanu, Altsasu eta bestelako ihoteetan izan zezaketen ondorioez asko hitz egin da. Efektu hori nabaritu da? Jende gehiago etorri da?
Garai batean igandeetan askoz jende gehiago etortzen zen astearteetan baino, baina azkenaldi honetan ere astearteetan jende gehiago etortzen ari da. Zetak-ek lortu duena da ihotea jende gehiagok ezagutzea, eta agian jakinmin horrengatik jende gehiago etorri dela pentsa daiteke. Neurri batean, eragina izan du.