Unanuz pentsatzeko jardunaldiak eginen dira

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 2a

Unanuko ikuspegia. ARTXIBOA

Jardunaldiak 'Unanu eraikiz' izena du. Lau larunbatetan eginen diren saioak dira, unenuarrak herriaren inguruan hausnartzen jarri eta etorkizunera begira egin daitezkeenak zehazteko balio nahiko luketenak.

Unanuko Kontzejuak eta unenuar talde batek Unanu eraikiz jardunaldiak antolatu dituzte. Herriaz eta eta haren etorkizunaz hasunartzeko saioak dira. Gaur egun Unanun 83 pertsona daude erroldatuta. "Herri txikia gara, populazio gutxikoa, nahiz eta asteburuetan eta jai egunetan jende gehiago etortzen den herrira", azaldu digu antolatzaileetako batek. Gaineratu duenez, "Unanu urte askoz bizi dadin nahiko genuke". Horregatik, pausoa eman eta jardunaldiak antolatzea erabaki dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, haietara "Unanun betidanik bizi, azken urteetan bizitzera etorri edo ahal dutenean herrira etortzen diren guztiak gonbidatuta daude". Gainera, "saioak egiten diren bitartean haur txikiendako ludoteka zerbitzua eskainiko dugu, hartara, gurasoak ere hurbil daitezke. Momentuz, 6 eta 9 haur inguru bilduko dira egun bakoitzean", jakinarazi dute.

Herriaren inguruko jardunaldiak unenuarrak beraiek gidatuko dituzte. "Aurrera begirako oinarri batzuk zehaztu edo adostu nahiko genituzke. Baina ez dakigu jendea etorriko den edo ez. Emaitzak ere etorriko den jendearen araberakoak izanen dira", adierazi dute antolakuntzan dabiltzanek. 

Unanuri buruzko jardunaldiak lau saioz osatuta daude. Aurrena, larunbatean, otsailak 28, izan zen eta Gure errealitatea begiratuz izenburua zuen. Herriaren diagnosia egin ondoren, bigarren saioa martxoaren 14an, larunbatean izanen da. Bigarren bilera horretako gaia da: Gure memoria eta indarguneak. Hirugarren saioa martxoaren 28rako, larunbaterako, aurreikusi dute: Unanu amestuz. Eta jardunaldietako atzeneko saioa apirilaren 11n, larunbatean izanen da. Hartan Ametsetatik ekintzetara pasatzeko eman beharreko pausoak zehaztuko dituzte. Saio guztiak Denok Bat elkartean izanen dira, 17:00etatik 20:00etara.