Jesus Mari Balda

"Ardiak ile asko baldin badauka sufritu egiten du"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 29a

Belarra dagoenez, Baldak egunero ateratzen du artaldea larrera.

Ardi motxaileen sasoia da oraingoa. Artzain askok artaldea mendira igo aurretik ardiei ilea moztu nahi izaten diete. Hala eginen du Jesus Mari Balda Mercerok. 

1 Artilezko arroparik erabili duzu sekula?
Bai, artilezko galtzak erabili ditugu. Lehenago artilea oso garrantzitsua zen. Duela 50 urte artilea diru sarrera oso garrantzitsua zen artzaiondako. Artilearekin gauza asko egiten ziren: jertseak, koltxoiak... Bukatu da hori. 

2 Zeinek egindakoa zen artilezko arropa horiek?
Gogoratzen naiz nire amiñek etxean galtzak egiten zituela. Traste bat zuen eta ilearekin artilea egiten zuen, eta artile horrekin etxean egiten zituen. 

3 Apain jartzeko ardiei ile-apaintzailea etxera etortzen zaie?
Hala da. Badira urte batzuk urtean bitan mozten diegula ilea: ernari daudenean, umeak egin baino hilabete bat lehenago. Irail bukaeran edo lastailaren hasieran izaten da hori. Maiatzean berriz moztuko diegu. 

4 Zergatik moztu behar zaie ilea?
Garbitasuna da. Ardia osasuntsuago dago. Ileak ardia "jan" egiten du. Ardiak ile asko baldin badauka, beroarekin ardiak ez du hainbeste jaten. Sufritu egiten du. 

5 Badira ardi batzuk, ez da merke izanen, ezta?
Merke ez da. Baina den lanerako, nik uste merkea dela. Zeren nik moztu izan diet ilea ardiei eta oso lan gogorra da. Eta duen prezioarekin ez da hain garestia. Niretako, behintzat. Beste batzuk garestia dela esanen dute. Den lanerako, ordaindu daiteke diru hori.

6 Ardi motxaileak badaude? 
Geroan eta geroan gutxiago. Daudenak zaharrak dira. Gazte gutxi dago. Sobra ere gazteek ez dute nahi. Eta daudenak pixka bat ikututa daude. Bizkarrarekin egin behar duzu lan. Dena fisikoa da. Egunero, egunero, egunero aritzen dira. Denboraldian, beharbada, martxotik garilera arte egunero lanean. Ez dago astebururik. Lan gogorra da. 

7 Ardi motxaileek moztutako artilearekin zer egiten duzu?
Gaur egun artileak ez du ezer balio. Artilea orain arazoa da. Nik bordatik ongarria lautan ateratzen dut. Eta ateratzen dudanean artilea ongarriarekin nahasten dut. Ondoren pixka bat mugitzen dut, buelta ematen diot. Ongarriaren hartzidura horrekin artilea desagertzen da. Esaten dutenez, ongarritarako ona da artilea, nitrogeno pixka bat du. 

8 Bestela zer egin beharko zenuke?
Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuari eman eta tasa bat ordaindu. Mankomunitateak Artaxoako enpresa batera eramaten du, han konposta egiteko. 

9 Ez dago beste irtenbiderik?
Hor dabiltza zerbait egiten. Baina hainbeste ardi eta hainbeste ile da... Gaizki dago. 

10  Zergatik galdu du artileak balioa?
Ez dakit zer gertatu den hor. Petrolioaren subproduktuak sartu dituzte. Sintetikoa dela, bestea dela, eta artilea baztertuta utzi dute. Esaten dute artilearen tratamendua asko kostatzen zela. Ilea garbitu behar zen, ondoren artilea egin... Esku askotatik pasa behar zuen. Eta esku askotatik pasatzean dirua kostatzen da. Baina gaur egun merkea nahi dute. Ez du inporta ona edo txarra, baina merkea izan dadila. Eta artile merkea, ezin da. 

11 Artileari noizbait balioa bueltatuko zaio noizbait?
Ez dut uste. Nahiago nuke hala balitz. Azkenean, artzainendako diru sarrera da. Behar duzu hori. Bizitzeko esnea eta arkumeak ditugu, eta beste zerbait gehiago baldin badago, hobe!