Plazatik gora egiten duen karrika da Beriain bidea. Karrika horren lehenengo zenbakian makina bat ordu sartu dituzte unenuarrek auzolanean. Herriarena zen borda eraitsi eta etxe berri bat eraiki dute: Artzettenia etxea. Han bi etxebizitza prestatu dituzte. Unanuko Kontzejuak sustatuta egin dira lan horiek guztiak. Etxebizitza berria egitearekin, kontzejuaren helburua zen gazte unanuarrei herrian bertan bizitzeko aukera ematea, edota Unanura jendea bizitzera erakartzea. Eta helburua bete dute, dagoeneko eraiki berri dituzten bi etxebizitzak alokatuta daudelako.
Etxebizitzak horiek egiteko Unanuko Kontzejuak ez du inolako dirulaguntzarik jaso. Horren arrazoia da berritu zen eraikina aurretik ez zela etxebizitza bat, borda bat baizik. Unanuko Kontzejuak baso aprobetxamenduen salmentatik ateratako dirua eraikuntza lan horiek finantzatzera bideratu du. Etxebizitzak alokatzen Unanuko Kontzejuak eskarmentua du, dagoeneko bost baitira alokatuta dituen etxebizitzak. Batetik, eskolako irakasleen etxea izan zena. Bestetik, Denok Bat elkartearen gainean dauden bi etxebizitzak daude. Eta, azkenik, eraiki berri diren biak daude.
Baina bi etxebizitza horiek egiteko lanak ez dira une honetan Unanun egiten ari diren eraikuntza lan bakarrak. Plazako iturriaren ezkerretara dagoen etxe batean konponketa lanak egin dituzte. Bestetik, Nagusia eta Iber karriken bidegurutzean dagoen eliza ondoko etxea berrituta dago. Gainera, Beriain bidea karrikan gora eginda, enpresa bat eraikin batean lau etxebizitza egiten ari da
Bestalde, Ergoienako Udalaren oniritzia jaso ondoren, Nafarroako Gobernuak azken baiezkoa emateko zain dago Unanun garatu nahi den hirigintza proiektu bat. Herrira eramaten duen NA-7102 errepidearen eta Ondazko bidearen arteko bi partzela dira, frontoiaren ondoan daudenak. Eraikuntza enpresa batek sustatu zuen udalaren hirigintza planaren aldaketa egituratzailea, lursaila eraikigarria bihurtzeko asmoz. Aurreikusitakoaren arabera, partzelaren erdian kale bat eraikiko litzateke, errepidea eta bidea lotuko lituzkeena. Kale berriaren bi aldeetara guztira 15 etxebizitza familia bakar eraikiko lirateke.