Astekaria

Unanu etxez etxe

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko ekainaren 30a

Etxeen izenak biltzen dituen posterra osatu dute unanuarrek

"Aspalditik genuen Unanuko euskalkia eta ondarea sustatzeko zerbait egitearen ideia hori, ez agian poster moduko bat egitea, baina elkartean hizketan aritzen ginenean agian kamisetaren bat edo horrelako zerbait egitea aipatzen genuen". Azkenean, Unanuko etxeen izenen poster bat egin zuten. Bestetik, ekainaren 26tik 29ra ospatuko diren festetarako Unanu-ko kamisetak egin dituzte ere, eta janzteko deia egin dute.

Unanuko etxe gehienen izenak agertzen dira Aritz Irigoien ilustratzaileak egindako Unanuren posterrean. "Polita izan zen eta nahiko erraz atera genituen". Beste batzuk botata dagoen etxe bat, baina norbaitek bertan etxe bat zegoela ezagutzen zuen, "eta Lizernekoa deitzen zela", eta sartu dute ere. "Etxea fisikoki ez dago, baina sartu dugu". Unanuren historia, euskalkia eta ondarea ezagutzeko eta sustatzeko modu bat da: "Adineko jendea hiltzen ari da eta gazte geroz eta gutxiago bizi dira hemen; etorri berriek ere ez dute ezagutzen". Posterra "oso-oso polita" iruditu zitzaien.

Herria
Etxeen izenak biltzen eta posterraren sorkuntza prozesuan sei edo zazpi unanuar ibili direla esan du Marinek, "agian ilustratzailearekin hitz egiten bat egon zen, zerrenda egiten beste batzuk, kontsultak egin genituen hortik ere, eta agian gaur egun ezagutzen ez den etxe baten izena atera eta hitz bat eman zuen, eta oso aportazio handia zen". Ilustratzaileak irudia egiteko, herriko eta etxeen argazkiak bidali zituzten, "eta gauzatxoak bidaltzen hasi zen, lehenengo zirriborroa, han eta hemendik tiratzeko, detaileak...".

Publikatu ondoren "oso polita baina akats txikiren bat" dagoela esan dute,"horrek ematen du aukera ikasteko eta zerbait gehiago egiten bada detaile txiki horiek zuzentzeko".

Momentu honetan Unanun dauden etxe eta borda guztiak agertzen dira posterrean. "Etxeen izenak jaso dugu eta borda batena ere ateratzen da. Herrigunean daudenak eta Beriainera bidean dagoen etxe bat ere agertzen da". Unanun gaur egun bizigarriak diren 72 etxe agertzen dira, "baita izen gehiago ere".

Etxe gehienen izenak ezagutzen zituzten, "egia esan, hori nahiko bizirik dago Unanun eta ez da lan handiegi izan". Urtean behin batzarra egiteko ohitura dute, "azken urteetan Gabonetako asteburu batean da", eta bertan komentatu zen izenak jasotzen ari zirela eta norbaitek informazioa bazuen edo izenen bat eman nahi bazuen aukera zegoela, "gero agian etortzen zen norbait berak ez zekiela baina beste norbait ezagutzen zuela baietz...". Oso herrikoia izan dela aipatu du unanuarrak: "Jendeak aportatu du; talde bat egon da, baina herriak parte hartu du".

Izenak biltzen ari zirela, gauza "bitxiak" ezagutu dituztela kontatu du Marinek: "Etxe bat leku batean zegoen, erre zen, eta beste toki batean egin zuten etxea eta izena eraman zuen". Bestetik, duela hogei bat urte eraiki ziren etxeek ere izena jaso dute: "Batzuk izena zuten baina ez ziren ezagutzen, eta beste batzuk abizenen konbinazioarekin edo seme-alaben izenekin osatu dituzte izenak.

Unanuko etxeen izenen harira bi unanuar etxeen izenak eta argazkiak egiten hasi ziren, "proiektu hori badagoela badakit; poliki-poliki egiten joaten dira lan asko delako eta denbora behar delako". Posterrak harrera "oso ona" izan du: ehun aleren eskaera egin zuten, eta bakarra gelditu da. A2ko tamaina du.

Sanpedroak
Ekainaren 29an izanen den San Pedroren egunaren harira ospatzen dituzte unanuarrek festak, eta aurten gaurtik, ekainaren 26tik, astelehenera ospatuko dituzte. "Unanuko festak herrikoiak dira, txikiak zentzu horretan. Beste herrietako festak direnez ez da hainbeste jende etortzen; baten bat etortzen da ohitura dutelako".

"Posterra atera dugun moduan, kamisetak ere atera ditugu; harrera polita izan dute"

Festetako egitarauan urte batetik bestera aldaketa gutxi daudela esan du Marinek, baina beti mundu guztiendako zerbait egotea saiatzen direla: haurrendako, helduendako... Aurtengo berezitasuna Unanu-ko kamiseta da: "Posterra atera dugun moduan, kamisetak ere atera ditugu. Kamisetek ere harrera polita izan dute". Unanuarrak kamiseta erostera animatu dira, eta festetan janzteko deia egin dute. Unanu izena eta ikurrak ez ezik, mamuxarroaren irudia ere gehitu diote.