Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean kinto gazte, kinto eta kinto zaharrei herriko gainontzeko "kintoak" batuko zaizkie eta egun handia izango da Urdiainen. 12:00etan jarri dute hitzordua eta triki-poteoan herrian barna ibiliko dira bazkal ordura arte. Arratsaldean kintoak, traktorea hartuta, urteroko bisitaldiari ekingo diote. Baserriz baserri diru eskean ibili eta gero afaltzeko bilduko dira atzera ere. Gainontzeko herritarrek bitartean musikaren doinuekin alaitzeko aukera izango dute Tintiniturri elkartean. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Iñigo orkestra gizonaren musikarekin dantzan aritzeko aukera izango dute urdiaindarrek. Afaldu ondoren festak segida izango du gaueko 1:00etatik aurrera Aitziber elkarteak DJ Bull eta gaupasa hartuko ditu. Domekan despedituko dituzte 1989, 1990 eta 1991n jaiotako gazteek haien ospakizunak baina lehenago herrian haien dantzarako abilezia erakutsi beharko dute. Urtero bezala, gazteek herriko zortzikoa dantzatu eta herritarrak dantza egitera gonbidatuko dituzte. Festa, bazkari, gosari eta halako gastuei aurre egiteko etxez etxe diru eskean bukatuko dute asteburua. Gazte hauetariko batzuek datorren urtean errepikatzeko aukera izango dute; beste batzuek berriz gainontzeko herritarrek bezala, "beti kinto" izango diren esperantzarekin agur esango diote festa handi honi.