Elizbarrutiak jabego-erregistroan Nafarroako hainbat erlijio eraikin bere izenean jarri ditu. Horretarako Hipoteka Legearen 206 eta 207 artikuluak baliatu ditu. Hala, orain arte inoren izenean ez zeuden hainbat jabetza eliza katolikoarenak izatera pasa dira, besteak beste, elizak, ermitak, eliz atari, apaiz-etxe, hilerri eta bestelako jabetzak. Horren berri jakin eta gero Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma herrialdeko udal eta kontzeju guztiekin harremanetan jarri da.
Eskaerak
Plataformak udal eta kontzejuei eskatu die neurriak har ditzatela "herriko erlijio erabilera duten eraikin eta ondareak pribatizatzea eragozteko". Halako jabetzarik oraindik ere jabego-erregistroan inskribatu gabe badago udalaren izenean izendatzeko eskatu du plataformak. Aldi berean hartutako akordioen berri Nafarroako Gobernu eta Parlamentura bidaltzeko eskatu dute. Baita Nafarroako gainontzeko erakundeei ere, antzeko erabakia har dezaten animatuz. Horrekin batera, abenduaren 15ean, 10:00etan, Burlatako kultur etxean eginen den hautetsien batzarrera joateko eskatzen zaie udal eta kontzejuei. Bilera hartan gaiaz hitz eginen da eta ordezkaritza aukeratuko da.
Mozioak
Irurtzun eta Altsasuko udalek, eta Nafarroako beste zortzik, plataformak aurkeztutako mozioa dute mahai gainean. Finean eskaera berak jasotzen dira mozioan. Baina, udal bilkuran, lastailean onartzeko eskatzen zaie eta gero haren berri Uharte-Iruñeko Udalari jakinaraztea. Udal horrek informazioa zentralizatuko du eta mozioa onartu duten udal guztien izenean Nafarroako toki erakunde guztiei onartutako mozioa bidaliko die.
Arrazoiak
Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak dioenez, eliza katolikoa legeak utzitako bidea erabiliz "prezio barregarrian herrienak diren hainbat jabetza bere izenean inskribatzen ari da". Plataformak jakitera eman duenez prozedura horrek ez du inolako "publizitateren" beharrik eta horregatik eliza katolikoak "pribatizazio era hori erabiliz jabetza publikoak lortzen ari da, ez populazioak ezta ordezkari publikoek ere ezer jakin gabe". Plataformak dioenez, elizak jabetzak eskuratzeko oinarritutako legearen artikulua 1946an onartua izan zen eta konstituzioaren aurkakoa izan daiteke.
Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak ibarreko erakundeetara bidalitako idatzian dioenez, "udal artxiboek eta herri memoriak argi eta garbi diote eraikin horiek, orokorrean, herriek eraiki eta jantzi zituztela". Haien erabilera ez zela soilik erlijiosoa ere diote plataformako kideek eta horren adibide eraikin haietan egiten ziren udalen batzarrak eta beste jarri dituzte. Herriak elizan aritzen ziren hainbat kargu aukeratzen eta ordaintzen zituela ere gogorarazi du plataformak bere idatzian. Plataformak dakiela "inongo udalek ez dio uko egin mendeetan pilatutako ondare horri".
Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak bere idatzian dioenez jabego-erregistroan "beti publikoa izan dena inskribatzeak jabego pribatuan bihurtzen du. Eliza katolikoa, ez parrokia, izanen da jabetzaren titularra eta hala ondasunak beste helburu batzuekin erabil ditzake (saldu, alokatu, helburu turistikoekin ustiatu...), herriaren beharren kontrakoak izan daitezkeen helburuak izan daitezke". Horregatik plataformak eraikin horiek herritarrek erabiltzeko berme gisa ikusten du jabetza publikoa izatea. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak dioenez "ez du zalantzan jartzen jabetza publikoko eraikinen erlijio erabilera".
Plataformaren idatzian Espainiako II. errepublikako legediak gaiaren inguruan zioena gogoratzearekin batera, Toki Administrazioko 1990eko Foru Legearen artikulua ere gogora ekarri nahi izan du. 110. artikuluan jasoa dagoenez, "Nafarroako toki erakundeek bere ondarearen kontserbazio, defentsa, berreskurapen eta ondasun eta eskubideen hobekuntzan jardun behar dute". Horregatik, eliza katolikoak egindako inskripzioak baliogabetzeko eta haien izenean jartzeko eskatu diote toki erakundeei.