Magotteaux Taldeko konbentzioa hartu du Urdiaingo plantak

Guaixe 2008ko otsailaren 15a

Magotteaux taldeak planifikazio estrategikoa abiatu zuen 2006an. Orduan 400 milioi euro fakturatu zituzten, eta iaz 500 milioi. Helburua 2012an 1.000 milioi fakturatzea da. Plan estrategikoaren jarraipena egiteko 6 hilero konbentzioak egiten dituzte, eta aurten Urdiaingo plantak 40 urte betetzen dituela aitzakia hartuta, Urdiainen ia lau egunez bildu dira Magotteaux taldeko enpresa guztietako ordezkariak, zehazki erosketa eta produkzioko arduradunak. Helburua enpresak erosten dituen lehengaien kostua ahalik eta gutxiena izateko irizpideak bateratzea da. Urdiaingo planta handituko daKonbentzioaren aitzakian, ongi etorri beroa egin zaie talde belgiarreko ordezkariei. Taldeko erosketa eta logistikako arduradun Migel Ugalde Barberia argentinarrak, bere garaian Urdiaingo planta zuzendu zuenak, azaldu zuen Urdiaingo planta handitzeko 2,6 milioi euroko inbertsioa eginen dela 2009ra bitartean. "Gure taldeko planta bakoitzak produktu sorta ezberdina ekoizten du. Urdiainen bi produktu sorta produzitzen dira: asko aleatutako altzairu bereziak eta composites metal-zeramikoak, hau da, zeramika eta metalarekin elementu bakarra sortzea, piezak gehiago irauteko. Liderrak gara merkatuan, konpetentziak ez baitu produktu hau eskaintzen". Ongi etorri ekitaldian Nafarroako Gobernuko Enpresa kontseilari Jose Maria Roigek, Urdiaingo alkate eta Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiriak - aldi berean Magotteauxeko langilea dena- eta Sakanako Enpresarien Elkarteko gerente Francisco Lopez de Aldak hartu zuten parte. Guztiek Magotteaux taldea eskertu zuten 40 urtez Sakanan egoteagatik, bertako planta konpetitiboa egin izanagatik eta bertan inbertsioak egiteagatik, bailarako eta Nafarroako ekonomia bulkatuz. Urdiaingo plantako egungo zuzendari Jaime Delgadok azaldu zuen irailean ateak zabaltzeko jardunaldia antolatuko dituela Magotteaux Urdiainek. Bezero, hornitzaile, senitarteko eta lagunei fabrikan produzitzen diren produktuak erakutsiko zaizkie eta fabrika bera bisitatzeko aukera izango da.