Auzolanean jaso, auzolanean konpondu

Guaixe 2008ko otsailaren 21a

Azaro erdi aldera hasi ziren Aitziber Elkarteko lanak. Elkarteko 190 bazkideek auzolanean eginen dute: "hala jaso zen eta filosofia horrekin jarraitzea nahi genuen". Horixe esan digu Benignok, elkartean sortu den obra batzordeko kideetako batek. Elkarteko azpiegiturak berritzearekin batera, oztopo arkitektonikoak ere desagerrarazi nahi dituzte. Horretarako komunak egokituko dituzte eta elkartean igogailua jarriko da. Hala, etorkizunean, gurpildun aulki, haurren gurditxo edota makuluendako ez da oztoporik izanen elkartean. Egoitzaren banaketaAitziber elkarteak 4 solairu ditu. Aurreneko hiruak 120 metro karratukoak eta goi-goian dagoena 80 metro karratu ingurukoa. Orain arte 1. solairuko barra festetan eta 2. solairua besterik ez zituzten erabiltzen. Elkartekideek onartutakoaren arabera sotoan berogailua, igogailuaren makinaria, bulego txiki bat eta bestelako zerbitzuak egonen dira. Lehen solairuan taberna eta sukaldea izanen dira. 40 bat pertsona mahaian eserita egoteko modua egonen da lanak despeditu eta gero. Bigarren solairua 130 bat pertsonendako tokia duen jangela izanen da. Azken solairua erabilera anitzetako gela bezala utziko da. Elkartera doazen haurrek han jolasteko aukera izan dezaten edota ikastaroak, hitzaldiak edo bestelakoak eskaintzeko. Jangela bezala erabiliz gero 70 bat pertsonendako tokia legoke. Horretaz guztiaz gain, lehen solairuan estalpe bat egin dute kalera atera nahi duena aterpean egon dadin. Bestalde, elkartearen eta pilotalekuaren arteko espazioa txukundu eta zuhaitz batzuk landatu nahi lituzkete han itzala izateko. Lanek irauten duten bitartean ez da elkartea itxiko. Lehen solairuan lanak egiten diren bitartean bigarrena erabiltzen ari dira. Eta alderantziz gertatuko da. Orduan estutu egin beharko dute, hori bai. 2 urtetan lanak despeditzea espero dute. AurrekontuaAitziber Elkarteko bazkideek ahal dituzten lan guztiak egiten ari dira eta beste batzuk kontratatu egin dituzte. Baina, kide guztiek 1.200 euro ordaindu beharko dituzte, 300 euro hasieran eta 4 hilero 150 euro gehiago. Horrela lanen 24.000 euroak estaliko dituzte. Hala ere, Aitziber Elkarteak erabaki zuen 70 urtetik gora zuten bazkideei ordainketa libre uztea. Egoera horretan dauden eta ordaintzen ez duten bazkideek elkarteko kide izaten jarraituko dute, kuota ordaintzen, baina batzarretan ez dute boto eskubiderik izanen eta elkartea ezinen diote inori pasa eta haien plaza hutsik geldituko da. Bestalde, Aitziberrek gazteei erraztasunak emanen dizkie elkarteko kide izateko. Lanetan beti sortzen dira ezustekoak. Hori dela eta, elkartean sortu den ekitaldien batzordeak dirua lortzeko jarduerak antolatu ditu, esaterako: ihoteetan bazkaria, Santa Ageda egunean elkartea taberna gisa zabaltzea eta beste. Guztia elkarteko kideek diru gehiago ordaindu behar ez izateko. Historia1967. urtean Urdiaingo Maggoteux lantegia egiteko Urriztitik lur asko hartu behar izan zuten eta han gelditu zen zuloa baliatuz, urte berean urdiaindarrei igerilekua egitea bururatu zitzaien. Auzolan neketsuak izan baziren ere, ilusio handiarekin egin zuten lan eta elkartea izango zenaren lehen alea jarri zuten urdiaindarrek. Aitziber Elkarteak igerilekuen ondoren egoitza propioa behar zuela sumatu eta hura ere auzolanean jaso zuen duela 30 bat urte. Bestelako gauzak ere "jaso" izan ditu elkarteak, besteak beste, txirrindularitza antolatutako hainbat probekin, futbola (1969 eta 1991 urteen artean).