Urdiaingoa, ohiko liburutegia baina askoz gehiago

Guaixe 2008ko apirilaren 8a

Maileguek goraOndokoa da Urdiaingo liburutegiko bilduma edo fondoa: liburuak (4.248), aldizkariak (7.347), DVDak (207), CDak (145), CD-Rak (37), bideoak (11), DVD-Rak (3) eta kaseteak (2). Mailegu zerbitzuak gora egin du, liburutegiaren erabilerak gora egin duenaren seinale. Urdiaindarrek gehienbat DVDak eraman zituzten etxera mailegutan. Zehazki, 485 DVD eraman zituzten etxera, 2006an 271 izan zirenean. Beraz, ia bikoiztu egin da DVDen mailegutza. Liburuei dagokienez, iaz 375 liburu eraman ziren etxera, 2006an 283 izan zirenean. CD-en mailegutzak ere gora egin du: 2006an CD bakarra eraman zuten mailegu, eta iaz 16. Aldizkarien kasuan, 2006an 2 izan ziren etxera eraman zirenak eta iaz, aldiz, 12. Eta bukatzeko, 2007an bideo baten mailegua egin zuen liburutegiak. Zerbitzu eta erabilera anitzUrdiain herri txikia izanik, bertakoa ez da ohiko liburutegia, askotan urdiaindarren topagune bilakatzen baita, bereziki haurrena. Berez, beste edozein liburutegik bezala ondoko zerbitzuak eskaintzen ditu: liburutegiko fondoen mailegutza; kontsultak egiteko aukera, bertako fondoaren edo interneten bidez (liburutegiak 1999ko urriaz geroztik eskaintzen du interneten ibiltzeko aukera, eta egun bi ordenagailu daude erabiltzaileen zerbitzura); bulegotika, hau da, ordenagailuak erabiltzeko aukera; testuen inprimaketa eta eskaneaketa; erreprografia edo fotokopien zerbitzua; erabiltzaileak nahi duen liburua edo edozein formatutako materiala eskatzea; eta hemeroteka zerbitzua (aldizkari eta egunkariak zerbitzuan bertan irakurri eta baita ere maileguan eraman daitezke). Baina ohiko zerbitzu hauetaz aparte, hainbat gauza egin daitezke Urdiaingo liburutegian: marrazkiak egin, etxerako lanak egin... Eta inori enbarazu egiten ez bazaio, mahai-jolasak daude jolaserako, bertako telebistan filmak ikus daitezke eta musika entzun daiteke. Inoiz ere bileraren bat egin izan da eta hitzaldiren bat eman ere bai. Beraz, argi dago ohiko liburutegi bat baino gehiago dela Urdiaingoa. Gainera, bereziki haurrei zuzendutako hainbat ekintza egin izan dira liburutegian, ipuin kontalariak eta karikatura egileak, besteak beste. Gehienbat Liburuaren Egunaren ildora antolatutako ekintzak dira hauek. Teknologi berrien eraginaIratze Zubeldia kudeatzaileak dioenez, aipatu zerbitzu guztiak erabiltzen dira, baina filmak DVD formatuan eskaintzen hasi zirenetik gora egin du liburutegirako bisitari kopuruak. "Gaur egun gehien erakartzen duena DVDak dira, eta hori argi ikusten da mailegu datuak begiratuz. Gehienbat haurrek eramaten dituzte DVDak, eta filmekin batera ere ipuinen bat hartzen dute" dio Iratzek. Liburutegian ere sarritan filmak ikusten dituzte haurrek. "Haurrek badakite inor ikastera, kontsultatzera edo irakurtzera badator, lehentasuna zerbitzu horiek dutela eta telebista itzali behar dutela. Hortaz, ez dago arazorik" gaineratzen du liburuzainak. Iratzek asko baloratzen du Urdiaingo Udalak liburutegi zerbitzua martxan jartzeko egiten duen ahalegina. "Urdiain bezalako udalerri txiki batendako harro egotekoa iruditzen zait liburutegia izateko egiten ari diren lana. Herritarrak nahiz kanpokoak bertara etorri eta zerbitzuez eta irakurketaz gozatzera animatzen ditut" gonbitea egiten du liburuzainak.