Iñigo eta Imanol Goikoetxeak jarri diote doinua Nafarroa Oinezi

Guaixe 2008ko ekainaren 20a

Iñigo Goikoetxea Jaso ikastolako langilea da eta ikastolakoek proposatu zioten Edu Zelaieta lankideak egindako letrari musika jartzea. "Niretako gauza handia izan da. Ikastolarekin harreman zuzena daukatelako". Martxoa eta apirila artean grabatu zuten Donostiako Elkar estudioetan eta Musikart disketxean masterizatu zuten gero haien lana. Goikoetxea anaiek izen handiko musikariak izan dituzte lagun kanta grabatzerakoan. Joxerra Senperena, Mikel Irazoki, Fernan Irazoki eta Mikel Fernandez besteak beste.Imanolek aurre-produkzioa egin du eta kantan gitarra jotzen du. Iñigok, berriz, melodia sortu eta ahotsa jarri dio "atera ezazu mihia kantari". Aurtengo kanta nahiko berritzailea dela argitu dute bi anaiek "aurreko urtekoek ez bezala aurtengoak kutsu poperoa dauka". Hala ere alaitasuna helarazten duela aurreratu du Imanolek. Iñigoren ustetan "kanta Nafarroa Oinez ezagutarazteko instrumentu bat da eta horregatik festaren ezaugarriak izan behar ditu". Iruñeko alde urbanoa eta naturala nahasten dira bideoklipean eta kantan ere hori islatzen saiatu da Iñigo. Bi anaiak pozik daude egindako lanarekin eta batez ere kantak izan duen harrerarekin, honela aho batez onartu dute "nahi zutena lortu dutela". AurkezpenaAsteazkenean aurkeztu zuten Iruñeko Zaldi Zurian aurtengo Nafarroa Oinezeko kanta eta bideoklipa. Goizean prentsaurrekoa eskaini eta arratsaldean jendaurreko saioa egin zuten. Azken honetan 1.000 pertsona inguru bildu ziren eta bi anaiak pozarren pozez azaldu dira. Imanol eta Iñigoren hitzetan "asteazkeneko eguna ahaztezina izan zen. Jendea oso pozik, oso eskertuta, eta gu are pozago!"