Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bada, Urdiaingo Magotteaux lantegiko plantako langileak lanean aritu ziren ostiralean, baina begi asko egon ziren haien jardunari begira, Magotteaux Navarrak egun hori aukeratu baitzuen jasotako nabe berria mustu eta Magotteaux lantegiak Urdiainen daramatzan 40 urteak ospatzeko. Gainera, enpresa zabaldu zenetik 40 urte lanean daramatzaten hiru langile omendu zituzten. Horretarako ateak zabaltzeko eguna eta ospakizun berezia antolatu zituen enpresak. Ekitaldian Nafarroako lehendakari Migel Sanz, Urdiaingo alkate Migel Angel Zubiria, Magotteaux Taldeko zuzendari nagusi Bernard Globet, Magotteaux Taldeko produkzio zuzendari Migel Ugalde eta Urdiaingo Magotteaux Navarrako zuzendari Victor Aceña izan ziren. Haiekin batera, enpresako langileak, hornitzaileak eta beste hainbat gonbidatu izan ziren. LehiakorragoakUrdiaingo apaiz Migel Angel Sagasetak Urdiaingo lantegiko nabe berria bedeinkatu zuen. Nabe berriak 1.000 m2 inguruko azalera dauka eta bertan tratamendu termikoko bi labe berri jarri ditute. Inbertsioa 1,5 milioi eurokoa da, eta Magotteaux Navarrako zuzendari Victor Aceñak azaldu zuenez, planta berriak 10 lanpostu berri inguru sortuko dituela aurreikusten da, egun lan egiten duten 137 langileei gehituko zaizkionak. "Lan ahalmena eta bolumena handituko ditu, eta orain arte azpikontratatuta ematen ziren lan batzuk enpresan bertan egin ahal izango dira eta martxan jartzen denetik aurrera, sekzio horretan asteburutan ez da lan egin behar izango" gaineratu zuen Aceñak. Lantegiaren zenbakietan ere ondorioa izango du planta berriak, urte honetan 9.000 tona produzituko baitituzte - orain arteko produkzio onena - , baina planta berriari esker kopurua handituko da. "2009an 9.500 tona produzitzea da helburua, eta 30 milioi euro baino gehiago fakturatuko ditugu. Bereziki Europara esportatzen dugu gure lana" nabarmendu zuen zuzendariak. Lehiakorragoak izateko egin dute aipatu inbertsioa, eta krisia dagoen ala ez galdetuta, Aceñak aipatu zuen momentuz ez dutela geldialdirik nabaritu, baina merkatuaren ralentizazioa antzematen dela. Hitz onakMagotteaux Taldeko produkzio zuzendari Migel Ugalde argentinarrak bi sentimendu nagusi zituela azaldu zuen. Batetik esker oneko sentimendua bezeroei, hornitzaileei, langileei, Nafarroako Gobernuari (babes guztia emateagatik), bankuei eta senitarteko eta lagunei; eta bestetik, harrotasunezko sentimendua, horrenbeste esfortzu eta lan egiten duen talde horretako langilea izanagatik. Magotteaux Taldeko zuzendari nagusi Bernard Globetek enpresaren ibilaldi bikaina aipatu zuen eta esker oneko hitzak izan zituen bildutako guztiendako, eta Nafarroako presidente Migel Sanzek nabarmendu zuen Magotteauxek Nafarroan egindako ibilbide txalogarriak azken 40 urteetan Nafarroak izan duen garapen ekonomiko eta sozialaren garapen handia laburbildu eta sinbolizatzen duela. Gaineratu zuen egungo garaiak ez direla errazak eta guztiok batera lan egiteko garaia dela, eta enpresari hobetzen eta berritzen jarraitzera animatu zion. Urdiaingo alkate Migel Angel Zubiriak gogoratu zuen azken 40 urteetan Magotteauxek ekonomia egonkortasuna ekarri diola Urdiaingo familia askori eta Urdiaingo herriari, eta Sanzi eskatu zion bertako industria babesten jarraitzeko. Delgado, Goikoetxea, Zufiaurre eta Gonzalez, 40 urte bertan lanean1968ko abuztuaren 2an egin zuen lehendabiziko galdaketa orduan Magotteaux Luzuriaga izena zuen enpresak. 40 urteurreneko ekitaldian oso omenaldi beroa eskaini nahi izan zieten Urdiaingo plantan 40 urtez lanean daramatzaten lau langileei: Jaime Delgado, Gaston, Eduardo Goikoetxea Galarza, Jesus Mari Zufiaurre Goikoetxea eta Ramon Gonzalez Palomares. Eguneko txalo zaparrada beroenak eurendako izan ziren. Javier Delgado izan zen lehen heldu zena; industri ingeniari teknikoa zen, eta elektrikari kontramaestre lanetan hasi zen. Egun Victor Aceñarekin batera zuzendari-albokoa da. Urdiaingo plantaz gain Indiakoan lan egiten du, eta urte hauetan Magotteaux Taldeak Kanadan, Estatu Batuetan, Brasilen, Argentinan eta Europan barnan dituen enpresetan aritu izan da. Jesus Mari Zufiaurre eta Eduardo Goikoetxea Ormaiztegiko Irizarren egon ziren trebatzen, Urdiaingo beste hogeiren batekin bezala, hasiera batean enpresa hau kokatu behar baitzen Urdiainen, baina gerora Magotteaux talde belgiarra ezarri zen. Beraiek Magotteauxen hasi ziren beharrean, 1968ko uztailaren 1ean. Lan ezberdinak egin dituzte fabrikan. Granadako Castrilgo Ramon Gonzalez 1968ko irailaren 2an hasi zen lanean Urdiainen. Laurek oroigarria jaso zuten, haien emazteez lagunduta: Mari Carmen Sola, Maxima Motino, Maria Pilar Martinez eta Mundi Barroso. Derrigorrezko kasko eta betaurrekoetaz babestuta, bildutakoek Magotteauxeko jarduna ezagutu zuten zuzenean, fabrikazio prozesua gertutik jarraituz eta bukaeran auzatea izan zen. Magotteaux Navarrak asteburuan ateak zabaldu zituen, nahi zuen orok bere jarduna zuzenean ezagutzeko asmoz.