Urtasunek Australian mustuko du elastiko laranja

Guaixe 2009ko urtarrilaren 13a

Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarra Australiako Adelaidan kontzentratuta dago, Euskaltel Euskadi taldeko beste sei txirrindularirekin batera - Markel Irizar, Josu Agirre, Iñaki Isasi, Andoni Lafuente, Sergio de Lis eta Aitor Hernández - , guztiak bi probatan ariko baitira: ilbeltzaren 18an jokatuko den Down Under Klasikoan, eta ilbeltzaren 20tik 25era antolatu den Tour Down Under tourrean, guztiak ere Josu Larrazabal entrenatzailearen aginduetara. Aipatu probarekin Euskaltel Euskadi taldean debuta eginen du orain arte Portugalgo Liberty taldean aritu zen urdiaindarrak. Euskal Herriko hotzarekin alderatuta, uda da Australian eta tenperatura altuak dituzte. Australiako probek ikusmin handia sortu dute, besteak beste Lance Armstrong txirrindularitzara itzuliko baita Astana taldearekin. 7 Tourretan garaile izan den Texasko txirrindulariak adierazi du "orain arte egindako probek erakusten dutela orduan baino sasoi hobeagoan dagoela". Ikusi beharko da.