Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero moduan San Anton ospatzen goiztiarrenak urdiaindarrak izan ziren. Eguerdian hildako kofradeen omenezko elizkizunean bildu ziren sanantondarrak. Elizatik atera eta aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosaldu zuten kofradeek. Mokadu bat hartu ondoren udaletxean batzarra egin zuten. 70 kide ditu egun kofradiak, guztiak ezkonduak. Haietako zazpi azken urtean sartutako gazteak dira. Bi kofrade ere hil dira azken urtean: Victor Goikoetxea eta Martin Selva. Kofradiak bere egitekoen artean hildakoen ehorzketaren gastuen zati bat ordaintzea du eta horiek izan ziren, besteak beste, batzarrean aztertu zituzten kontuetako batzuk. Bestalde, maiordomo karguak berritu zituzten. Javier Otxoa eta Eduardo Goikoetxearen ordez Antonio Goikoetxea eta Eduardo Olaiz ariko dira hurrengo urtean kofradia kudeatzen. Batzarra egin eta gero Aitziber elkartean bazkaltzera bildu ziren sanantondarrak. Bazkari ederraz gozatu zuten.