Industrialdearen gaia pol-pol

Guaixe 2009ko urtarrilaren 29a

Nafarroako Gobernuak Urdiain-Altsasu industrialdeko S-1 sektoreko desjabetze egitasmoa jendaurrean jarri berri du eta, ordutik, industrialdea urdiaindar askoren hizketa gaia izan da eta da. Jakin dugunez, industrialdea hartuko duen eremuko lur jabeek batzarrak egin dituzte, baita alegazioak aurkezteko asmoa aurreratu ere. Alegazioak aurkezterakoan bi bide hartuko zuten lurjabe urdiaindarrek. Batzuek desjabetze prezioa igotzea eskatu dute eta udalarekin harremanetan izan dira. Prezioa igotzea eskatzeko aukera bat da desjabetzea kudeatzen duen enpresarekin, NASUINSArekin, adostasunera iristea. Antza enpresak prezioak igotzeko asmoa azaldu du. Eskaera egiteko epaitegietara jotzeko aukera ere egonen litzateke. Beste lurjabeak, berriz, "makro-industrialde" egitasmoaren kontrako alegazioak aurkeztekotan omen dira. Jabetza agiriakBitartean, lur-jabetza asko eta askoren titularitatea aldatu egin da, baina ez daude behar bezala jasoak jabetza erregistroan. Horregatik, Urdiaingo Udalak aldaketa hori egin ahal izateko oinarrizko idatzia prestatu du. Idatzi hori eskuratu nahi duenak herriaren etxetik pasa beharko du. TaldeaIndustrialde egitasmoarekin "kezka" zuten 70 bat urdiaindarrek aurreko larunbatean bilera egin zuten eta Makroproiektuaren Aurkako Batzarra sortzea erabaki zuten. Talde berri horrek udalari eskaera zehatza egin dio: "prozedura bideratzean ez denez inolako presarik ikusten, Nafarroako Gobernuaren aurrean luzamendu bat kudea dezala. Herriak eztabaidarako informazioa eta denbora behar du". Makroproiektuaren Aurkako Batzarrak ere idatzi bat zabaldu du eta sinadura bilketa abiarazi du "Urdiaingo Udalari hurrengo udalbatzarrean luzamenduaren eskaera sar dezala eskatzeko". Herriko establezimenduetan sinadurak biltzeko orriak jarri dituzte eta ostiralean etxez etxe biltzen ariko dira. IdatziaMakroproiektuaren Aurkako Batzarrak zabaldu duen oharrean kexu agertzen da orain arte industrialdea aurrera eramateko eman den prozeduraz urdiaindarrak "ez dituztelako informatu". Aldi berean, gogora ekarri dute NASUINSA izanen dela "lurrak noiz, nola eta nori saldu erabakiko duena". Batzarrak kezka azaldu du industrialdean kokatuko liratekeen enpresen "nolakotasunaz". Eta hori NASUINSAk erabakiko lukeela nabarmendu du. Makroproiektuaren Aurkako Batzarrak dioenez, "ez litzateke gaizki egongo erabilera industrialerako egokitutako lurra edukitzea, dagoenekin herrian ditugun enpresak baldintza hobetan egokitzeko, eta interesa izan dezakeen besteren bat ere barne hartzeko". Batzarraren iritziz, "Nafarroako Gobernuak planari behin betiko oniritzia eman aurretik herritarren artean eztabaidatua izatea merezi zukeen. Herriari bere etorkizuna erabakitzeko aukera kendu nahi zaio".