Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostegunean Urdiaingo Udalaren ohiko udal bilkuraren aurretik ezohiko bilkura izan zen. Azken bilkura horretan gai bakarra izan zen aztergai, ezker abertzaleak Urdiain-Altsasu industrialdeari buruz aurkeztutako mozioa. Idatzian jaso zen Urdiaingo Udalak Nafarroako Gobernuari luzamendua eskatzeko proposamena. NaBaiko zinegotziek ez zuten bere egin ezker abertzalearen idatzia eta mozioa ez zen onartu. Koalizioko kideendako, "Nafarroako Gobernuak iazko maiatzean Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) onartu ondoren ez da luzapenak eskatzeko momentua. Plana onartuta dago eta, badirudi Nafarroako Gobernua lehenbailehen hasiko dela lanekin". Urdiaingo NaBaiko kideek uste dute industrialdeak "herriari eta eskualdeari onurak ekarriko dizkiola". MozioaEzker abertzaleak luzamendua eskaera proposamena argudiatzeko dioenez: "aurten nabarmen agertu zaigu ekonomia molde baten joerak zein diren eta bestelako ondorio batzuk begi-bistara agertzen zaizkigu. Egoera honek gogoeta eta azterketa pausatua egiteko beta hartzea eskatzen eta eskaintzen digu". Ekintzaileendako "egungo testuinguruak aditzera ematen digu zentzu handirik gabe geratu dela bultzatu nahi den proiektuaren premia eta urgentziazko desjabetzearena". Urdiaingo ezker abertzalea bestelako eredu baten alde agertu da: "lurrari errespetua aitortzen diona". Egitasmoa Nafarroako Gobernua "inposatua" dela eta "eskualdeko udalerrion iritzia ez dela kontuan hartu" adierazi zuen ezker abertzaleak. Ekintzaileak, aldi berean, "udal autonomia eta eskualdeko administrazioen erabaki ahalmena errespetatuko dituzten egitasmoen alde" daudela azaldu zuten. Horretaz gain eskatu zuten "diru publikoarekin egin beharreko inbertsioak udalon eskumenean" geratzeko beharra. Ziurtatu zutenez, industrialdeak "gure herriko ez eta eskualdearen beharrei ez die erantzuten". Urdiaingo ezker abertzalearendako, bestalde, "babes osoa" azaldu zion Makropoligonoaren Aurkako Batzarrari. Antza, talde horrek luzamendua eskatzen duten 220 sinadura bildu ditu eta udalari helaraziko dizkiote.JendeaGaiak urdiaindarren artean interesa pizten du eta horren isla izan zen aurreko ostegunean herriaren etxean zinegotziez gain hainbat herritar izan zirela. Giroa ez zen lasaia izan eta hainbat adierazpen izan ziren. Haietako batzuk udalari "informazioa ezkutatzea" leporatu zioten, iazko urrian alegazioak egiteko epearen berri emanez jendaurrean jakinarazpenik ez jartzeagatik. Antza, foru legediak ez du udala horretara behartzen. Urdiaingo NaBaitik gaineratu digutenez "alegazioak egiteko epea UPSa onartu aurretik izan zen. Egindako ekarpenengatik aldatu zituzten, esaterako, industrialdeko sarbideak. Informazio aldia aurreko legegintzaldian zen. Tramitazioa besterik ez da segitu".