Makroproiektuaren Aurkako Batzarrak luzamendua eskatu du

Guaixe 2009ko otsailaren 16a

Aurreko ostiralean Makroproiektuaren Aurkako Batzarreko (MAB) berrogei bat kide prentsaren aurrean agertu ziren. Batzarraren sorreraren berri ematearekin batera, sortu behar izatearen zergatia ere azaldu zuten: "Urdiain-Altsasu Udalez Gaindiko Sektore Planaren (UPS) operazio urbanistikoaren aurrean zer esan badagoelako, eta guk, herritarrok, horretan zer esan badugulako". BideaUrdiain-Altsasu industrialdea Nafarroako Gobernuak sustatu du NASUINSA enpresa publikoaren bidez. Iazko maiatzean gobernuak industrialdearen UPSa onartu zuen. Lastailaren 13an, berriz, Nafarroako Gobernuak Urdiaingo zatia, 647.139 metro karratu, erabilgarritasun publikoko bihurtzeko eta urgentziaz desjabetzeko agindua eman zuen. Agerraldian MABeko kideek salatu zuten egitasmoaren prozeduraren informaziorik ez dutela jaso. Ondokoa nabarmendu zuten "guztia isilpean eta sekretismo osoz mantendu izateak proiektu honen aurrean administrazioarekiko auzi epaitegian alegazioak aurkezteko bi hileko epea pasatzea eta herritarrei eta lurjabeei urrats hori emateko aukera ukatzea ekarri du". EskaerakSortu berri den taldeak "argibide batzuk" eskatu ditu. Lehenengo eta behin, luzamendua. Azaldu zutenez, "denbora behar dugu informazio zehatza eta kontrastatua jasotzeko, eztabaidatzeko eta aukera guztiak aztertzeko, eta horren ondoren guztiok erabakiak hartu ahal izateko". Batzarreko kideek jakitera eman zutenez "oso epe motzean 220 herritarrek bat egin dute luzamendu eskaera" horrekin. Gogora ekarri zuten Urdiainek 696 biztanle dituela eta hauteskundeetan 500 pasatxo direla adinez nagusi. Herritarren sinaduraren babesarekin luzamendu eskaera Urdiaingo Udalari aurkeztuko diotela argitu zuten batzarreko kideek, "arrazoizko eta urgentziazkoa iruditzen zaigulako luzamendu hau indarrean izatea". Bestalde, batzarreko kideek jakinarazi zuten Nafarroako Arartekoarengana jotzeko asmoa dutela, "gure informazio indefentsioa salatzeko".GalderakAgerraldian MABeko kideek galdetu zuten non dagoen lurrak desjabetzeko urgentzia. Egungo ekonomia krisia gogora ekarri ondoren, nabarmendu zutenez "ez dago hemen kokatzeko asmorik adierazi duen enpresarik, eta Sakana osoan badaude oraindik betetzear dauden poligonoak, baita Urdiainen bertan ere". Eta galdetu zuten nor den "onuraduna istorio honetan". Agerraldian adierazi zutenez, "poligonoren gestioak, hasiera-hasieratik Urdiaingo Udalari bere eskutik ihes egiten dio" eta gogora ekarri zuten NASUINSAren kargu geldituko dela industrialdea "lurren desjabetzea eta urbanizazioaren kostu osoa diru publikoarekin ordaindu" ondoren. Tramitazioaren urgentziaren premiaz galdetu ondoren, batzarreko kideek azaldu zuten "oraindik proiektu honi atal asko falta" zaizkiola, eta adibide gisa jarri zuten gizarte-ekonomia- eta ingurumen-eraginaren azterketa falta. Kezka azaldu zuten industrialdean kokatu daitekeen industria motagatik. Aldi berean, "etorriko diren balizko enpresen zain, herriko nekazal lur emankorrenak atzera bueltarik gabe suntsituko direla" nabarmendu zuten. Industrialde egitasmoak "gure eta hurrengo belaunaldien etorkizuna baldintzatuko" dituela eta "betirako erabakiak" direla azpimarratu zuten, horregatik "urdiaindar guztiei erantzukizunez eta arduraz jokatzeko" eskatu zieten.