Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazken arratsaldean Nafarroako Arartekoarenean izan ziren hainbat urdiaindar. herrian sortu den Makropoligonoaren Kontrako Batzarraren ordezkariak ziren, eta Arartekoari babesa eskatu zioten Urdiain-Altsasu industrialdeko "desjabetze prozesuak aurrera egin ez dezan". Eskaera horrekin batera, Urdiainen bertan jasotako 225 sinadura eta beste hainbat agiri aurkeztu zizkioten Arartekoari. Plataformako kideek Arartekoari adierazi diotenez, industrialderako lurrak desjabetzeko prozesua "obskurantismo eta isiltasun osoz eraman da eta, horrek, Urdiaingo jabe eta bizilagunak defentsa-gabezian eta erabat babesgabe utzi gaitu, aipatu helegiteak jartzeko aukerarik gabe". Plataformako kideak Urdiaingo Udalarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta NASUINSArekin kritiko azaldu ziren. Esan zutenez, "gure lurrek Udalez gaindiko Plan Sektorial deitura jasotzean, Nafarroako Gobernuak NASUINSAri "patente de corso" nahi duena egiteko baimena alegia, eskaintzen dio gure lurrak derrigorrez eta urgentziazko prozeduraz desjabetzeko, beren legeak ez betetzeko, eta herritarrei informazio eskubidea eta gardentasuna ukatzeko". Industrialde egitasmoaren atzean "gutxi batzuen onura espekulatiboa besterik ez" dutela ikusten azpimarratu ondoren, plataformako kideek nabarmendu zuten "Urdiaingo herriari subiranotasuna lapurtzen" zaiola. Eta gehitu zuten, "osasun demokratikorik balego, udaletik bertatik erreferendum batetara deitu beharko litzaioke" herriari."Ez-betetzeak"Makropoligonoaren Aurkako Batzarrak Arartekoari "jasaten ari diren bidegabekeriagatik" babesa eskatzearekin batera, proiektuaren "ez-betetze legalak" salatu zituen. Hala, gogora ekarri zuten urbanizazioa 3 fasetan eginen dela, zeinak eskariaren arabera garatuko diren. Egun 647.139 m2ko eskaririk "inondik inora" ez dagoela esan zuten eta nabarmendu: "ez zaio desjabetzeari uko egin eta zirkunstantzia berezietarako erreserbatutako urgentziazko prozedura erabili da. Gobernuak ez du azaldu zirkunstantzia berezi horiek zein diren". Batzarreko kideek Arartekoari egungo egoera ekonomikoa gogora ekarri ondoren, azaldu zioten "enpresa batek ere ez du erakutsi Urdiainen kokatzeko interesik eta, egun, Sakanan, erdi okupaturik dauden poligonoak" daudela, "baita egungo Urdiaingo poligonoan ere".Urdiaindarrek ustez, industrialde egitasmoak "Europako Uraren Markoa ez du betetzen, inondik inora: ibaiaren alubioi-lurren uholde-arriskuaren eremua hartzen du". Egitasmoan bertan zein enpresa etorriko diren ere ez dela zehazten salatu zuten urdiaindarrek. Bestalde, batzarreko kideek nabarmendu zuten NASUINSAk ez duela "beharrezko ekonomia-iraunkortasun memoriarik egin, etorkizuneko poligono honen bideragarritasun ekonomikoa zein den jakin dezagun, eta gure lursailekin zein irabazi lortu nahi duen".Iruñean izan ziren urdiaindarrak ere kritiko azaldu ziren "poligonoaren kudeaketa udalaren kontrolpetik kanpo" geldituko delako da eta ezin izanen duelako "poligonoan kokatuko diren enpresen izaeraren gaineko erabakirik hartu". Azkenik, "Urdiainek maila apalagoa duen poligono bat behar" duela esan zuten, "gainerako metroak beste aprobetxamendu batzuetarako erabil ahal izan daitezen".