Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urdiaingo Aitziber elkartean egindako lanak ordaindu ahal izateko besteak beste Aitziber Cross I. Saria eta Aitziber Extrem I. Saria antolatu zituzten iaz. Aipatu probek aurten ere segida izango dute. Horrela, Urdiaingo Aitziber elkarteak antolatuta, bihar, maiatzaren 30ean, larunbatean, 17:00etatik aurrera Aitziber II. Kross Saria jokatuko da. Aitziber elkartekoek Urdiain eta Iturmendi artean zirkuitu eder bat prestatu dute. Lasterketa 17:00etan abiatuko da, Aitziber elkartetik. Parkeko bidetik Iturmendirantz abiatuko dira korrikalariak, eta Urdiainera San Joanetik bueltatuko dira. Herriko aldapa igo ondoren atzera ere egindako ibilbidea egin beharko dute bigarrenez, 7,5 kilometro osatuz. Lasterketa erdi mailakoa da, baina herriko aldapa agian gogorra eginen zaie korrikalariei. Helburua korrikalariak hurbildu eta Urdiainen giro polita sortzea da; beraz, antolakuntzatik bertan parte hartzeko deia egin dute. Aitziber Kross II. Sarian parte hartzeko lasterketaren egunean bertan emango da izena, 15:30etik 16:30era, Aitziber elkartean. Urdiaingoarekin, Sakanako V. Atletismo Kopa abianUrdiaingo lasterketak Sakanako V. Atletismo Kopa abiatuko du, Sakanako Mankomunitateak eta Dantzaleku Atletismo Taldeak Lasa Kirolaken babesarekin batera antolatutakoa. Koparen helburua atletismoa bulkatzea da, Sakanan egiten diren hainbat lasterketatan korrikalari sakandar onenak sarituz. Ondoko lasterketek puntuatuko dute: Aitziber II. Kros Saria (maiatzaren 30ean); Iturmendiko V. Aitzkozar Herri Krosa (ekainaren 6an); Ergoienako IV. Bira (irailaren 19an); Sakanako VII. Herri Lasterketa (azaroaren 15ean); eta Altsasuko San Silvestrea (abenduaren 31n). Sakanako 10 korrikalari onenek puntuatuko dute aipatu lasterketetan, 10 neskak eta 10 mutilek. Gutxienez 4 lasterketatan parte hartu beharko da eta gutxienez urte bat erroldatuta egon beharko dute Sakanan. Bukaeran, lehenengo neska eta mutilak sarituak izango dira: lehengoek 80 euro jasoko dituzte kirol materialean eta trofeoa; bigarrenek 60 euro kirol materialean eta trofeoa; eta hirugarrenek 40 euro kirol materialean eta trofeoa. Aipatu proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari berezi bat zozketatuko da. Iturmendiko Aitzkozar herri krosean izena ematea zabalikEkainaren 6an jokatuko da Iturmendiko V. Aitzkozar krosa, 8.100 metrokoa, baina aurretik kategoria txikiko probak egonen dira. Izena ematea zabalik dago, 948 562 034 edo 948 467 314 telefonoetara hots eginez edo www.herrikrossa.com web gunearen bitartez. Bestela, lasterketa egunean bertan izanen da apuntatzeko aukera, Aitzkozar elkartean.