Aitziber Extrem II. Saria, igandean

Guaixe 2009ko ekainaren 5a

Aurreko larunbatean Aitziber Kross II. Saria antolatu eta gero, Urdiaingo Aitziber Elkarteak bizikletari helduko dio. Izan ere, igandean, ekainaren 7an, Aitziber Extrem II. Saria prestatu du Urdiaingo elkarteak, BTT edo mendi bizikletan murgiltzen diren kirolariei begira, herrian txirrindularekiko zaletasuna badagoela kontuan hartuta. Aitziber Extrem proba ez da lehiakorra, eta hortaz, ez da parte hartzaileen denborarik hartuko. Helburua, Urbasa-Andian prestatutako ibilbide paregabeaz disfrutatzea eta txirrindulariek ongi pasatzea da. Egunean bertan eman daiteke izenaIbilaldian parte hartzeko izena ematea aurretik egin daiteke, www.aitziber.com web orrira joz. Kasu horretan 15 euro ordaindu behar dira. Igandean bertan apuntatu daiteke, goizeko 7:00etik 8:00etara, Urdiaingo Aitziber Elkartean. Kasu honetan 18 euro ordaindu beharko dira. 8:30ean abiatuko diraAitziber Extrem II. Sarian izena ematen duten txirrindulariak goizeko 8:30ean abiatuko dira, Urdiaingo Aitziber Elkartetik. Antolakuntzak 62 kilometroko ibilaldi ederra prestatu du, Urbasa-Andian barna. Parke naturala dela kontuan hartuta, ibilbide pribilegiatua izanen dela esan daiteke. Txirrindulariak Urdiaindik atera eta Olazti aldera abiatuko dira. Urbasa igo eta gero ibilbide lasaia eta erraza dela esan daiteke, ordutik aurrera ia guztia laua baita. Otsaportillotik Andiara abiatuko dira txirrindulariak, Beriain eta Dorraotik jaitsi, eta handik zuzenean Urdiainera jotzeko. Aitziber elkarteko kideak guztia bikain ateratzeko lanean izanen dira. Txirrindulariek beharrezko zerbitzu guztiak izanen dituzte eskura: hornidura postuak, mekanikariak, bidegurutzeetan jendea, zerbait gertatuz gero osasun zerbitzuak...