Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako erresuma defendatu zuten gazteluen artean dago Iruritakoa. Defentsarako eraikuntza nolakoa zen, han bizi zirenen ohiturak eta beste ikertuko dituzte aurten. Horrekin batera, herritarrei eta bisitariei gazteluaren berri emateko asmoa du Urdiaingo Udalak. Kultur eta arkitektura ondarea mantendu, berreskuratu eta hobetzeko proiektu hori udalak turismoari begira garatu nahiko lukeen egitasmo zabalago baten zati da. Hala jakinarazi digu Migel Angel Zubiria alkateak. Iruritako gaztelua zena gaur egun zein egoeratan dagoen ikertuko dute arkeologoek. Horrekin batera, agirietatik datuak aterako dituzte haren berri zehatza izateko. Iazko agorrilean Aralarko Santutegi ondoan indusketa arkeologikoa egin zuen Larrate enpresa arduratuko da horretaz. Urdiaindarrei ere gazteluaren berri emanen omen diete, Zubiriak argitu digunez. Lan horiek despeditu ondoren, gaztelua zenaren berri emanen duten panelak eta hura bisitatzeko beharrezko lanak egin nahi dira. Guztiak 17.529,55 euroko aurrekontua du. Cederna Garalurrek Urdiaingo Udalari 12.270,69 euroko laguntza eman dio.