San antondarren bilkura

Guaixe 2010eko urtarrilaren 18a

San antondarrek urteroko egin beharrekin bete zuten larunbatean. Hildako kofradeen (Nemesio Irigoien eta Valeriano Aiestaran) omenezko mezaren ondoren, eliz atarian bildu ziren. Migel Angel Sagaseta Aristegi apaizak handik herriko azienda eta animaliak bedeinkatu zituen. Garai batean elizari buelta ematen zioten kofradeek, baina azken urtetan zeharreko aldean dagoen Tintiniturri elkartean gelditzen dira, gosaltzera.

Kofradiak bere kontuak udaletxean egindako bilkuran egunean jarri zituen. Hildako kofradeen sendi bakoitzari emandako 200 euroak eta 51 kofradeek egindako diru ekarpenak akta liburuan jasoak gelditu ziren. Baita maiordomo berrienak: Juan Jose Andueza Zufiaurre eta Antonio Goikoetxea Mendiluze. Karguan Eduardo Olaiz Urio eta Antonino Goikoetxea Galartza ordezkatu zuten. Aitziber elkartean bazkaldu ondoren, maiordomo berrien eta zaharren etxeak bisitatu eta han berendua hartu zuten.KidetzazKofradiako idazkari Migel Angel Zubiriak azaldu zuenez, "kofradiako kide izateko ez da ez sexu edo egoera zibil batekoa izan behar". Hala, ezkongabe eta emakumeen parte hartzeko aukera aipatu nahi izan zuen.

Aitzinakoa
San Anton kofradia herriko mandazainek sortu zuten. Haren estatutuak 1691koak dira. Baina sainduarenganako debozioa aurretik ere bazen Urdiainen. Hala ohartarazi zigun Migel Angel Sagasetak. Urdiaingo elizako erretaula 1624an egin zuen Migel de Peruzurgin arbizuarrak. Urdiaindarrek han jarriko ziren lau sainduen irudiak aukeratu zituzten: San Juan, San Blas, San Fermin eta San Anton. Haien irudiak Kaparrosoko Juan de Bazkardok egin zituen.

Kantua
San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea
Zu zera gure abereen zaindari eta patroia
bedeinkatu gure lanak eta gure bihotzak

San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea
Izan zaitez gure bide onerako gidari,
bedeinkatu gure herri eta gure famili.

San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea.