Mendizabalek utzi gaitu

Guaixe 2010eko martxoaren 28a

Albiste oso tristea etorri zen igandean herri kirolen mundutik. Urdiaingo Arkutzan bizi den Joxemari Mendizabal aizkolari adunarra bihotzekoak jota hil zen, Olasagastiren kontrako apustua galdu eta etxera zihoala. Mendizabal eta Olasagasti Tolosako zezen-plazan neurtu ziren goizean, 600 ikusleren aurrean. Bakoitzak kanako launa enbor erdibitu behar izan zituen zutik jarrita, eta adunarrak 4 minutuko abantaila zuen. Baina hasieratik ikusi zen Mendizabal ez zebilela eroso. Zurbiltasuna nabaritzen zitzaion aizkoran zebilela, eta lehen kanakoa mozterako zuen abantaila galduta zuen. Hala ere aurrera jarraitu zuen, baina hirugarren enborra moztu zuenean - asko kosta zitzaion - apustua bertan behera uztea erabaki zuen, kalanbre eta zorabioen artean. Aierbe eta Arria II.a bere laguntzaileekin aldageletara joan zen eta Olasagastik lana despeditu zuenean atzera ere plazaratu zen igeldoarra zoriontzera. "Ezin izan dut. Tripan, estomagozuloan tope bat jarri zait, eta libratu ezinik aritu naiz, eta azkenerako arnasa ere ezin nuen ongi hartu, eta mareatu bezala egiten nintzela ikusterakoan apustua uztea erabaki dut. Oraindik ez dit alde egiten, ez dakit hau zer den" esan zuen Urdiaingo bizilagunak. Komunikabideen aurrean ere zorabio moduko bat izan zuen. Dena amaitutakoan betekadarekin jarraitzen zuen eta kamamila bat hartu zuen. On egin ziola eta, bazkaltzera abiatu zen senitartekoekin. Autoan sartu zen etxekoekin, eta Tolosako irteeran berriro ondoezik sentitu, autoa geratzeko eskatu, autotik jaitsi eta ziplo erori zen lurrera. Anbulantziak berehala iritsi ziren baina ezin izan zioten egoerari buelta eman eta hantxe geratu zen aizkolaria.Ustekabekoa berehala zabaldu zen eta samina zen nagusi. Olasagasti sinistu ezinik zegoen. "Ezin da ez garaipenaz ez apustuaz hitz egin, ezertaz. Ikaragarria da, sekulako kolpea jaso dut. Ezin nuen sinistu. Hau beti gogoan eramango dudan zerbait izango da. Bera ikusi dut kamamila hartzen, baina hobeki zegoela esan dit. Astean zehar afari bat eginez kontuak egin behar ditugula esan zidan, eta horrela agurtu gara, bera bere kotxean igota eta ni nirean" zioen igeldoarrak, jota.Hileta elizkizunak gaur izanen dira Leitzako elizan, 19:00etatik aurrera. ProfilaAdunan jaioa, Urdiainen bizi zen 63 urteko aizkolaria. Harriak jasotzen eta aizkoran apustu asko egin izan ditu eta maila ezberdinetan hainbat txapela irabazi izan ditu, baina batez ere egindako apustuetatik zen ezaguna. Mendizabal harriak jasotzen hasi zen, marka handiak eginez - 16 arroako harria plazan jaso zuen lehenengoa izan zen, eta apustu ugari egin zituen Gorostidiren eta Iñaki Perurenaren kontra - , baina istripu bat izan zuen eta aizkorara pasatu zen, 30 urterekin. Aizkorako lehen apustua Aierberen kontra egin zuen, enbor handiekin. Izan ere, beti izan zituen gustuko enbor handiak, ongi moldatzen zen. Bere garaian aizkolari ona izan zen eta lehia bikainak egin zituen Mindegiarekin eta Arria anaiekin. Beti gogoan izanen da 1983ko urtarrilaren 23an beteta zegoen Tolosako zezen plazan Mindegiaren kontra egindako apustu ikusgarria: 52 kana-erdiko eta sei kanako erdibitu zituzten, orain arte inoiz egin den apusturik handiena izan zen, eta Mendizabal izan zen garaile. Lau ordu, 12 minutu eta 9 segundo behar izan zituen, eta Mindegiak, aldiz, lau ordu, 29 minutu eta 30 segundo. Bere bi azkeneko apustuak Olasagastiren aurka jokatu zituen, azkenaurrekoa duela 21 urte eta azkena igandean. 21 urtez aizkora utzita egon eta gero - tarte horretan Leitzako taberna bat eman zuen, kamioilaria izan zen eta Urdiainera bizitzera etorri zen - , duela bi urte jubilatu egin zen eta aizkorara itzuli. Prestaketa bikaina egin zuen, mediku baten eta masajista baten laguntzarekin, eta dieta zaindu zuen. Analisiek ez zuten ezer arrarorik ematen eta horrela, ongi prestatuta atera zen igandeko apustura. Baina ustekabeko gogorra gertatu zen. Herri kirolak eman duen kirolaririk handienetakoa zen adunarra.