Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean jokatutako Asturiaseko Itzuliko lehen etapa irabazi zuen Pablo Urtasun urdiaindarrak (Euskaltel). Erabat hunkituta, bere emazte Naiarari eta bi hilabete barru jaioko den semeari eskaini zien garaipena. Oviedotik aterata eta Llanesen despeditu zen etapa. Mikel Landak (Orbea) eta Marco Cortik (Footon-Servetto) ihesaldia egin eta helmugara iristeko bost km-ren faltan harrapatu zituen tropelak. Esprint estua izan zen, Viciosok urrutitik ekin baitzion, baina urdiaindarra gai izan zen Vicioso eskuinetik pasatzeko eta etapa irabazteko. Horrekin batera lidergoa eskuratu zuen. Garaipena lortzeko orduan talde guztiak egindako lana eskertu zuen urdiaindarrak. "Bikain egon dira eta nire alde ahalegin guztia egin dute". Tartean, Jorge Azanza 43.a izan zen, 6 segundora, eta Orbeako Xabier Zabalo olaztiarra 47.a, 18 segundora. Rural Kutxa talde kontinentalekoak ere Asturiasen dabiltza.Urtasunek lehen garaipena du Euskaltelekin, eta bere lanari esker talde laranjak lau pilatu ditu denboraldi honetan. Hasiera batean Koldo Fernandez de Larrea taldekideari esprintetan laguntzeko fitxatu zuten Urtasun, baina itzuli apalagoetan maila ona emateko gai dela erakutsi du. Asturiaseko itzuliaren ondoren, asteazkenean hasiko den Dunquerqueko lau egunetan aritzeko asmoa du. Imanol Erbiti (Caisse) ere bertan lehiatuko da. Gaur bigarren etapa dago jokoan, Llanes eta Gijon artean (142,5 km), eta esprintean bukatzea aurreikusten da. Asturiaseko itzuliko etapa nagusiak ostiraleko erlojupekoa eta igandeko etapa nagusia izango da, bost porturekin, eta itzulia irabazteko faboritoen artean Mosquera (Xacobeo), Intxausti (Euskaltel), Marchante (Andalucia) eta Santi Perez (Loule-Louletano) daude. Romandiako Itzuliari dagokionez, asteazkenean Peter Saganek (Liquigas) lortu zuen garaipena, esprintean, Pinottiri (Columbia) lidergoa kenduz. Gorka Verdugo (Euskaltel) 64.a izan zen, denbora berean, eta sailkapen orokorrean 35.a zen, 21 segundora. Romandiako etapa erabakigarrienak ostiraleko erlojupekoa eta igandeko azkena dira, lehen mailako hiru mendirekin, eta faborito nagusienak Valverde, Basso, Menchov eta Igor Anton dira.