Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urdiaingo Herriaren Etxean onartu duen hirigintza plana hilaren 25era arte egon behar zuen jendaurrean, baina jendaurreko epe hori beste hilabete batez luzatuko da. Beraz, hirigintza plan berria aztertu eta egoki jotzen dituen alegazioak aurkeztu nahi dituenak uztailaren 30era arteko epea izanen du horretarako. Hirigintza plana garatzeko kooperazio sistema erabili nahi du udalak. Migel Angel Zubiriak azaldu digunez, "hirigintza plana 2002an hasi zen tramitatzen, baina geldi egon da, planak Urdiain-Altsasu industrialdeko Udalez Gaindiko Eragin Plana jasoa izan behar zuelako". Planean 319 mota ezberdinetako etxebizitzak aurreikusten dira. "Gehienek sotoa, behe solairua eta altura bakarra dute" azaldu digu Zubiriak. Alkateak azaldu digunez "herriko eskaerak ez du hainbesterako ematen, baina industrialdea garatzen bada eskaera gehiago egon daiteke eta aukera hori kontuan izan behar da". PlanaJose Ignacio Arribas Etxebestek egin du hirigintza plana eta aurreko ostegunean Urdiainen izan zen planari buruzko argibideak ematen. Egitasmoa gauzatuko balitz Magotteauxeko kanpoko biltegiaren parean babes ofizialeko etxebizitzak eginen lirateke, baita egun Talleres Urdiain dagoen tokian ere. Azken horretan bi eraikin jasoko lirateke sotoa, beheko solairua eta 3 altuera luketenak. Aipatutako bi puntu horien parean hirigintza plan berriak biribilgune bana aurreikusten du. Biribilgune errepidea eta herriaren ekialde eta mendebaldean sortuko liratekeen kale berriak lotuko lituzkete. Aldi berean, Urdiaingo egungo sarbideari trafikoa kenduko lioke. Dagoeneko Magotteauxekin hitz egin du udalak eta haren lur zati bat eskuratuko da biribilgunea egiteko. Errepide ondoko sarrera biribilgune ondora aldatuko luke enpresak, alkateak jakinarazi digunez. Hirigintza plan berrian futbol zelaia desagertu egiten da. Haren eta eskolaren artean dotazioetarako eremu zabal bat aurreikusten da. Frontoiaren parean eskola berria eraikitzea aurreikusi da. Zubiriak azaldu digunez, hari lotuta futbol 7ko zelairen bat eraiki daiteke. "Futbol taldea sortuko balitz, industrialdeko eremu dotazionala erabil liteke horretarako". Bestalde, aurrera begira egungo eskolek liburutegia edota jubilatuendako elkartea hartzeko aukera dagoela azaldu digu alkateak. Bestalde, Magotteaux eta Viscofan artean 42.238 m2-ko industrialdea aurreikusi da, "industria garbiendako". 17 pabilioi, bulego eraikina eta ekipamendu pribaturako beste eraikin bat aurreikusi dira. Bi parke publiko aurreikusi dira plan berrian: 4.271,93 m2 eta 5.11,78 m2-koak. Jendaurreko epearen luzapenazHirigintza plana jendaurrean, hasiera batean, gaztelania hutsean zegoen. Kexua aurkeztu zuten eta Arartekoak kontua hartu zion udalari. Planaren euskarazko bertsioa jasotzean epea zabaldu da. Alkateak azaldu digunez "itzultzen zegoen plana. Hala ere, udalak ere epea luzatzeko asmoa zuen".