Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urdiaingo hautetsi independentistek, Oihana Gallo San Roman eta Luziano Agirre Goikoetxea, asteartean prentsaurrekoa eman zuten hirigintza plana dela eta. Bi zinegotziek Urdiaingo Udalari eskatu diote hirigintza planaren diseinuan "herritarren parte hartzeko prozesu integral bat diseinatzea, oraingo alegazio epe honek eskaintzen dituen aukera murritzak gaindituko dituena". Hautetsi independentistek beharrezko ikusten dute hasierako onespenetik behin-behineko onespenera bitarteko epea udalak "ahalik eta gehien luzatzea plan egokia eta adostua diseinatzeko". Gallok eta Agirrek plana diseinatzeko prozesu parte hartzaile zabala eta egokiaren alde agertu ziren: "fasetan eta arlokako debateekin egin beharrekoa da, herriaren diseinuaz, etxebizitza kopuruaz, udal planaren bideragarritasun ekonomikoaz, programatu beharreko dotazioez eta abarrez debatitzeko". Hirigintza plana ahalik eta adostasun zabalenarekin onartzeko, aurretik parte hartze prozesu bat diseinatzea ere proposatu zuten, "parte hartze handiena bermatzeko, ahal dela herrian egon daitezkeen sentsibilitate sozial guztiekin". Ezaugarriak Ezker abertzaleko zinegotziek udal planaren zenbait ezaugarri nabarmendu zituzten: 340 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du; herriaren biztanleak hirukoizteko proposamen urbanistikoa da; egitasmoa bi exekuzio unitateetan burutzea aurreikusten du planak, behin betiko onarpenetik lau urteko epean exekuzio unitateak urbanizatuta egon beharko dute; industriarako Udal poligono egitasmoarekin batera Makropoligonoa plangintzan txertatzen da, inolako azalpenik eman gabe.Bi zinegotziek aurreko legegintzaldiean Urdiaingo Udalari hirigintza plana paralizatu ziotela nabarmendu zuten. Azaldu zutenez, "udal taldeek ez dute orain aurkeztu den plan honen zirriborrorik inoiz onartu".