Desjabetze aktak sinatu dituzten gehienek desadostasuna azaldu dute

Guaixe 2010eko uztailaren 1a

Urdiain-Altsasu industrialdea egiteko desjabetze aktak sinatzeko prozedura hasi da. Gobernuko ordezkariak astelehenetik asteazkena bitartean Urdiaingo herriaren etxean izan dira. Industrialde egitasmoko lehen sektoreko hainbat lurjabe deituak zeuden lurrak desjabetzeko aktak sinatzera. Makropoligonoaren aurkako Batzarrak jakinarazi digunez,"lurjabe batek edo bik izan ezik, gainontzeko guztiak konforme ez daudela adierazi dute". Batzarretik argitu digutenez, hiru dira lurjabeek ezadostasuna azaltzeko arrazoiak: lurra erosteko eskainitako dirua (4,2 euro), desjabetze prozesu bera eta aktak gaztelania hutsean egotea. Hiru kexa horiek desjabetze prozesua aurrera eraman zuten pertsonei jakinarazi zieten lurjabeek eta aktan ere jasoa gelditu zen euskara ez zela inondik ageri. Makropoligonoaren aurkako Batzarrako kide diren abokatu eta arkitekto batek hala nahi izan  zuten lurjabeei aholku eman zieten. Bitartean, batzarreko beste kide batzuk udaletxearen kanpoko aldeak kontzentrazioa egin zuten, Makrolapurrak, Urdiain ez dago salgai leloa zuen pankartarekin.