Herritar talde batek Hirigintza Plana Arartekora eraman du

Guaixe 2010eko urriaren 20a

Urdiaingo Udalak hasiera batean onartutako Hirigintza Planarekin ados ez dagoen herritar talde bat Nafarroako Aratekoarenera babes eske jo du. Iruñean aurkeztutako kexa 244 urdiaindarren sinaduraren babesa du. Aurreko ostiralean egon ziren urdiaindarrak arartekoarenean, Francisco Javier Eneriz Olaetxearekin. Eta babesa eskatzerakoan urdiaindarrek bi arrazoi argudiatu dituzte. Batetik, Hirigintza Plana egiterakoan herritarren parte-hartzerik ez dela izan eta Udalak onartutakoaren inguruan ez duela "egiazko" informaziorik eman. Bestetik, urdiaindar talde horrek ez du planaren edukia batere gustukoa. AlegazioakUrdiaindar talde hori Enerizi babesa eskatzeaz gain, udalean ere hainbat alegazio aurkeztu dituzte. Zazpi arrazoitan oinarritu dira maiatzaren 22an hasiera batez onartutako Hirigintza Plana bere osotasunean erretiratzeko eskatzeko. Lehenik, diote, planaren tamainarekin ez daudela ados. Planean aurreikusten den populazio hazkundea ez dute errealtzat jotzen eta, horregatik, Urdiaingo "errealitatera egokitutako plan baten abiapuntutzat lehentasunezko iruditzen zaigu etxe hutsei konponbidea ematea eta etxe berrien aurreikuspen errealista egitea". Hirigintza Planak bi unitate aurreikusten ditu. Alegazioak aurkeztu dituztenak unitateak "adostutako eta egokiko tamainako faseetan zatitzea, herriko enpresek parte-hartzeko aukera izan dezaten". Unitateak eskaeraren arabera gauzatzea ere eskatu dute, planean lau urteren buruan gauzatzea aurreikusten baita.Horrekin batera, unitateak egiteko kooperazio sistema beharrean borondatezko erreparzelazio edo konpentsazio sistemen alde egiteko eskatu diote udalari. Lehenengo sistema "administrazioarendako erosoagoa da, baina garestiagoa da herritarrendako". Alegazioak aurkeztu dituztenak kexu azaldu dira "urdiaindarrak 131.500 metro2 urbanizatzera behartuko ditu, edifikatzeko aurreikuspenik ez dagoenean eta herritarrendako inolako abantailarik ez dagoenean". Topografia eta orografiari dagokionez, alegazioak aurkeztu dituztenek hirigintza plana aldatzeko eskatu dute, "moldaketan parte hartu nahi duten herritarren irizpideak eta proposamenak kontuan izanik". Babestu beharreko errekak "lekuz aldatu" nahi dela salatu dute ere. Aldi berean, "etxebizitza errealen beharrei erantzunez", baratzeak mantentzearen alde agertu dira. Adinduei jarduera bat eskaini eta elikagaiez herritarrak hornitzen dituztelako. Azkenik, salatu dute ikerketak ez duela planak udalaren ekonomian izanen duen eragina jasotzen.Hirigintza planaEgitasmoak 319 etxebizitza aurreikusten ditu. Magotteauxeko kanpoko biltegiaren eta Talleres Urdiain parean babes ofizialeko etxebizitzak aurreikusi ditu. Haien parean biribilgune bana aurreikusten du. Biribilgune errepidea eta herriaren ekialde eta mendebaldean sortuko liratekeen kale berriak lotuko lituzkete. Plan berrian futbol zelaia desagertu egiten da. Haren eta eskolaren artean dotazioetarako eremu zabal bat aurreikusten da. Frontoiaren parean eskola berria eraikitzea aurreikusi da. Hari lotuta futbol 7ko zelairen bat eraiki daitekeela azaldu zuten udaletik. Bestalde, aurrera begira egungo eskolek liburutegia edota jubilatuendako elkartea hartzeko aukera dagoela azaldu zuten Urdiaingo Udaletik.Bestalde, Magotteaux eta Viscofan artean 42.238 m2-ko industrialdea aurreikusi da. Bi parke publiko jaso ditu plan berriak: 4.271,93 m2 eta 5.11,78 m2-koak.Bilera Ostiralean, 19:00etan, auzoan bilera deitu dute.