Planaren aldeko batzarra eta kontrako bilkura deitu dute

Guaixe 2010eko azaroaren 19a

Urdiaingo Udalak gaur herritarrak batzarrera deitu ditu, gaur 19:00etan, herriaren etxean. Urdiaingo Udalak gaurko batzar horretan hirigintza planari buruzko argibideak emanen ditu. Hura garatzeko garaian kontuan izan diren irizpideen berri emanen du, lankidetza sistema zer den azaldu, urbanizazio kostuen inguruan ariko da udala, besteak beste. Urdiaingo Udalak sustatu duen hirigintza planaren kontra dauden hainbat herritarrek kontzentrazioa deitu dute domekarako. 11:30ean herriaren etxe aurrean biltzera deitu dituzte urdiaindarrak. PlanaEgitasmoak 319 etxebizitza aurreikusten ditu. Magotteauxeko kanpoko biltegiaren eta Talleres Urdiain parean babes ofizialeko etxebizitzak aurreikusi ditu. Haien parean biribilgune bana aurreikusten du. Biribilguneek errepidea eta herriaren ekialde eta mendebaldean sortuko liratekeen kale berriak lotuko lituzkete.Plan berrian futbol zelaia desagertu egiten da. Haren eta eskolaren artean dotazioetarako eremu zabal bat aurreikusten da. Frontoiaren parean eskola berria eraikitzea aurreikusi da. Hari lotuta futbol 7ko zelairen bat eraiki daitekeela azaldu zuten udaletik. Bestalde, aurrera begira egungo eskolek liburutegia edota jubilatuendako elkartea hartzeko aukera dagoela azaldu zuten Urdiaingo Udaletik.Bestalde, Magotteaux eta Viscofan artean 42.238 m2-ko industrialdea aurreikusi da. Bi parke publiko jaso ditu plan berriak: 4.271,93 m2 eta 5.11,78 m2-koak.Plana garatzeko udalak lankidetza-sistema proposatu du. Jabeek nahitaez utzi beharreko lursailak jartzen dituzte, administrazioak urbanizazio-lanak egiten ditu jabe horien kontura, eta poligono edo jardun-unitatearen barruan geratzen diren lurrak birpartzelatzen ditu onura eta kargu-banaketa ekitatibo bat egiteko. Krisiarekin lur jabeek ordaindu behar dutena karga bezala ikusi dute askok. Eta gerora urbanizatutako unitateen garapena zail ikusten dute.