Plana baztertzea eta adostutako bat garatzea eskatu dute

Guaixe 2010eko azaroaren 22a

Domeka eguerdian 300 bat urdiaindar bildu ziren herriaren etxe aurrean, urbanizazio plan honi ez pankarta aldean zutela. Udalak behin behinean onartutako plana  lau atalengatik ez zutela onartzen azaldu zuten. Lehenik, udalaren aurreikuspen demografikoari dagokiona da. Urdiain 704tik 1580 biztanlera pasako den datua "okerra" dela esan zuten, azken 110 urteetan Urdiainek 30 biztanle gutxiago dituela gaineratuz. "Egungo populazioaren ezaugarriak ikusirik, zahartze tasa altua eta jaiotze tasa txikia, ez da aldaketa sakonik espero". Domekako kontzentrazioan bildu zirenendako "plana ez dator bat krisi ekonomikoak eraman gaituen egoerarekin. Ez du duela urte batzuetako burbuila inmobiliario eta espekulazio urteekin konparatzerik". Jakinarazi zutenez: Urdiainen 229 etxe daude, haietatik 60 hutsik. Aurreko planean 138 etxebizitza berri aurreikusten ziren eta 40 eraiki dira. AkatsaDomekan bildutakoendako akats espaziala da 319 etxebizitza adosatu hotz 131.000 m2tan sartzea Urdiainen izaera kontuan izan gabe. Azkenik, Hirigintza Plana garatzeko garaian, ez zela herritarren parte hartzerik izan ezta gardentasunez jokatu ere salatu zuten. Planaren berri prentsaren bidez jakin zutela azaldu zuten. Horrekin batera, lankidetza sistema erabiliz lur jabeak "urbanizazio masiboaren ordainketak" eginen dituztela adierazi zuten lurjabeek m2ko 115 euro inguru ordaindu beharko dituztela nabarmenduz. Dirua nondik aterako duten galdetu zuten herriaren etxe aurrean bildu ziren urdiaindarrek.