Udala: planak aurrera begiratzen du eta egungo gizartearen beharrak kontuan hartzen ditu

Guaixe 2010eko azaroaren 22a

Hirigintza Planak aurreikusten dituen etxebizitzak justifikatzen dituzten arrazoiak eman ditu eta eskaeraren arabera eginen direla gaineratu duAuzoa beteta zegoela, pasa den ostiralean Hirigintza Udal Planari buruzko bere jarrera eta bere asmoak azaldu zituen Urdiaingo Udalak. Alkatetzako taldeak (NaBai) adierazi zuenez, prestatu den plana "beste edozein planaren berezko ezaugarriak ditu". Aldi berean, Migel Angel Zubiria alkateak urdiaindarrei zalantzak udaletxean argitzeko eta, egoki joz gero, alegazioak egiteko gonbitea egin zien. Alegazio horiek, ziurrenik urte bukaerara arte aurkeztu ahal izanen dira. PlanazUrdiaingo Udal Planak, gehienez ere, tipologia desberdinetako 312 etxebizitza egitea aurreikusten du, eta 131.500 metro2 azalera hartuko luke. Alkatetzako taldearen iritziz "herriaren garapenaren aurreikuspena epe ertainera edo luzera begira egiten badugu, aurreikusitako 312 etxebizitza erabat justifikaturik daude". Horretarako bost arrazoi eman dituzte udaletik. Batetik, industrialdeak herria handitzea ekarriko duela. Bestetik, haur eta gazteek etorkizunean etxebizitza beharko dutela. Urdiaingo errolda 600 biztanletik 704ra pasa dela argudiatu du udalak eta azken urtetan jaiotza kopurua nabarmen handitu dela. Horrekin batera, udalak gogora ekarri du Lurralde Antolamendurako Planak 2025. urtean Urdiainek 847 biztanle izanen dituela aurreikusten duela. "Prest egon beharko dugu herritar horiei etxebizitza bat eskaini ahal izateko". Bestalde, udaletik azaldu dute kanpoan bizi diren urdiaindarrek herrian bigarren etxebizitza nahi dutela. Azkenik, alkatetzako taldeak nabarmendu du 20 urtetan ehun etxebizitza inguru eraiki eta okupatu direla Urdiainen. "Beraz, eskaera badago". Horri lotuta, zeinek bere etxebizitza propioa izateko ohitura nabarmendu du. Udalaren iritziz, "herria aldaraziko duten arrazoiak kontuan ez hartzea arduragabekeria handia izanen litzateke". Udalaren eginkizuna urdiaindar guztiek herrian etxebizitza eta lana izatea dela azpimarratu zuen alkatetzako taldeak.SistemaHirigintza Plana aurrera eramateko lankidetza sistema hautatu du udalak, egokiena delakoan. Alkateak argitu zuen udalak ez duela nahi duena egiteko aukerarik. "Jabeek, sustatzaileek eta udalak  erabakitzen dute sektore zehatz baten urbanizazioa, hiru aldeen onespenarekin".Urbanizazio kostuak altuak izanen zirela nabarmendu dute hainbat herritarrek. Alkatetzatik emandako datuen arabera 16.854 euro kostatuko da etxebizitza bakoitzaren urbanizazioa. "Gure ustez, jabeek edota sustatzaileek bere gain hartzeko modukoa da".Zenbait zehaztapenLau urte plana exekutatzeko. Legezko baldintza besterik ez dela dio udalak. Jabe, sustatzaile eta udalaren adostasunarekin, premien arabera garatuko dela dio. Eskolak. Ikastetxe berria egiteko tokia lurjabeek egin beharreko lagapenekin lortu nahi dela eta lur desjabetzerik ez duela eginen nabarmendu du Urdiaingo Udalak. Aldi berean, azpimarratu du "baldintza onenetan dagoen eskola ezinbestekoa" dela, horregatik berriaren alde egin duela.  Kontsultategia. "Egungoak ez ditu osasun kontsultategi batek bete behar dituen higiene- eta osasun-baldintzak betetzen". Osasunbideatik adierazi dute beharrezkoa dela udalak kontsultategi berria egiteko lurrak bilatzen hastea. Bilerak. Azaldu zutenez, "ez udalak ez alkateak ez dute sekula trabarik jarri herritarrekin biltzeko, ez eta zalantzak argitzeko ere".