Arartekoak plana eta hazkunde dinamika bateratzea sujeritu du

Guaixe 2010eko azaroaren 25a

Hirigintza Udal Plana zela eta beregana jo zuten urdiaindarren  babes eskaerari erantzunez, Francisco Javier Eneriz Olaetxea aratekoak zenbait sujerentzia egin ditu, "udalaren eta herritarren interesak bateratzeko asmoz. Udalaren hirigintza hazkunde errealari kasu eginez, baita egungo planaren eta lankidetza sistemaren kontra dauden herritarrei ere". Arartekoak egin duen lehen iradokizuna da "Hirigintza Udal Plana Urdiainen eta Sakanaren hazkunde dinamika errealarekin bateragarri egitea. Justifikatuz proposatutako hirigintza eredua eta etxeetarako, dotazioetarako eta ekonomia jardueretarako beharrak zehaztuz, baita aurreikusitako populazio hazkundea ere".Horrekin batera Arartekoak sujeritu du "dinamika erreal horren arabera herriaren hirigintza hazkunde eta garapenerako beharrezko zorua zehaztea". Gainera, Arartekoak Urdiaingo Udalari iradoki dio "kronologikoki antolatu ditzala epe motz, ertain eta luzera garatuko diren lur motak edo unitateak". Bestelako sailkapen bat egiteko ere sujeritu dio arartekoak udalari: "hiri-lurzoru finkatu edo finkatu gabea, eta lurzoru urbanizagarri sektorizatu edo sektorizatu gabea". Arartekoak egin duen azken iradokizunean proposatzen du "epe motzera garatu behar diren unitateetarako udalak egokien jotzen den sistema aukeratzea eta gainontzeko unitateak garatzeko sistema etorkizunean erabakitzea". Erantzun hori eman die Arartekoak urriaren 20an 244 urdiaindarrek aurkeztutako babes eskaerari.