Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Odei Iturrioz Fernandez pilotari gazte urdiaindarrak utzi gaitu. Larunbat goizean gertatu zen ezbeharra, Sakanako Autobian, Arruazuko dermioan, Lakuntzako norabidean. 21 urteko gazteak gidatzen zuen autoa bidearen ezker aldetik atera eta zuhaitz baten kontra talka egin zuen. Larrialdi zerbitzuak 8:40 aldera autoa txikituta ikusi zuen gidari baten deia jaso zuen, baina Osasunbideko langileak iritsi zirenerako gaztea hilik zegoen. Lekukorik izan ez zenez, Foruzaingoak uste du istripua 6:00ak eta 8:30 artean izan zela. Gaztearen heriotzaren berri jaso zenean kolpe handia hartu zuten Urdiainen, bere jaioterrian, eta Altsasun, gazteak lagun taldea bertan baitzuen. Bere familiak arrandegia du Altsasun eta oso ezagunak dira, eta Urdiaingo baserri batean bizi dira. Odei bi anai-arreben artean nagusia da eta Altsasun egiten zuen bizia; Santa Ageda jaiak Altsasun ospatu zituen, 2007an. Ajolabaikoak peñako kidea zen eta Altsasuko taberna batean lan egiten zuen. Etorkizun handiko pilotariaPilota zen gaztearen bizia eta pilotazaleek asko sentituko dute Odeiren hutsunea.Txiki txikitan hasi zen pilotaka, lehenengo aitarekin eta gero Altsasuko Pilotajauku klubean. Aurrelaria zen, ezkerra. Pilotarekin aritzeko dohaina zuen, eta aurrera egin zuen. Ondoren Sociedad Deportiva Alsasuan aritu zen, eta makina bat pozaldi eman zien aipatu bi klubei. Etorkizun handiko pilotaria zen Odei. Altsasun ikasketak egin ondoren, Iruñeko Donapeatik pasa zen, eta, egun, IES Principe Felipen zegoen ikasten, errendimendu altuko kirolariendako Nafarroako Gobernuko beka lortu baitzuen. Horregatik, Fuerte el Principe - lehengo Larrabide - erresidentzian bizi zen, bekatutako gainontzeko kirolariekin batera. Egoera hori dela eta, Oberena klubean hasi zen jokatzen. Horretaz gain, pilota epaile autonomiko izateko lizentzia atera zuen. Hainbat pilota txapelketa irabazi zituen, tartean gazteen lau t´erdiko Guillermo Mazo Memoriala eta 2008ko Altsasuko Otadiko Kristo Deuna txapelketa. Horretaz gain, 2008ko Espainiako ohorezko mailako kluben arteko buruz buruko ligan txapeldunordea izan zen eta 2009an Espainiako Federazioen arteko 22 urtez azpiko binakako txapelketa irabazi zuen. Kirolari trebea, pilotaz gain Dantzaleku-Sakana atletismo klubeko kidea zen eta inguruko lasterketetan hartzen zuen parte. Esaterako, berriki Behobia-Donostia lasterketan aritutakoa zen. Horregatik guztiagatik, eta Dantzaleku-Sakana klubak proposatuta, Sakanako Mankomunitateak 2008an Sakanako Kirolaririk Onena izendatu zuen, 18-35 urte arteko gizonen kategorian. Saria pozik hartu zuen urdiaindarrak. "Kirolak bizitza eman dit, edo bizitza egiteko modu bat. Pilotan entrenatu, gimnasiora joan, mendira, korrika egitera... pozik nago egindakoarekin. Saria ez nuen espero. Kirolari on asko dago Sakanan eta ni aukeratzea sorpresa handia izan da. Txapelketak eta partidak irabaztea gauza bat da, baina honek ez du horrekin zer ikusirik. Bestelako sari bat da hau eta hartzen dudan lehenengoa denez esanahi berezia dauka eta oso pozik nago" adierazi zuen orduan Odei Iturriozek. Haren aldeko hileta elizkizunak igandean egin ziren Urdiainen. Herria txiki geratu zen bertara hurbildu zen jendetza hartzeko. Beti arte, Odei.