Sakanako Herri Kirol eguna Urdiainen

Guaixe 2010eko abenduaren 2a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak abendu aldera egin ohi duen bezala, Sakanako Herri Kirol eguna antolatuko du aurten ere bai. Ekitaldia abenduaren 12an izanen da, igandearekin, Urdiainen. Mankomunitateak Urdiaingo Udalaren eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntza izan du ekitaldia antolatzeko orduan. Aurten Urdiaingo pilotalekuak hartuko du 12:00etan hasiko den jaialdia. Jaialdian Sakanako Aizkora Eskolako ikasleak, Sakanako aizkolariak, Sakanako Harri Jasotze eskolako ikasleak, Sakana Sokatira Taldeko kideak eta beste ariko dira. Finean, izen handiko kirolariak hasten ari direnekin batera ariko dira lanean, disfrutatzeko aproposa den egun paregabean. Eta eguna borobiltzeko, parte hartzaile guztiak mahai inguruan bilduko dira. Mendizabali omenaldiaAbenduaren 12ko herri kirol jaialdian Urdiaingo Arkutzan bizi zen Joxemari Mendizabal aizkolari adunarra omenduko dute. Jakina denez, bihotzekoak jota hil zen Mendizabal, martxoaren 28an Olasagastiren kontrako apustua galdu eta gero etxera bidean autoan zihoala. Aizkolaria zenaren senitartekoei oroigarria eta lore sorta eman eta omenaldi xumea egitea da Mankomunitatearen asmoa. Honen harira, aurreko igandean Mendizabalen aldeko omenaldia egin zen haren jaioterrian, Adunan. Pilotalekua bete egin zen bertsolariek, aizkolariek - tartean Floren Nazabal etxarriarra - eta harri-jasotzaileek egin zioten omenaldirako.