Urdiaingo historian bidaia

Guaixe 2010eko abenduaren 27a

Astelehenean historian atzera egin eta Urdiaingo Sarabe inguruan Irurita gazteluaren garaian bidaiatzeko aukera izanen da. Hitzaldia eskainiko dute Nafarroako erresumako gazteluen ikerketan buru-belarri murgildu den Iñaki Sagredok eta Iruretako indusketan parte hartu zuen Nahia Senperek. Bi ikerlariek Iruritako gazteluaren historia eta ezaugarriak argituko dituzte. 1512an 100 gaztelu baino gehiago zituen Nafarroako Erresumak eta horien artean zegoen Iruritakoa. Ziordiko, Etxarri Aranazko, Uharte Arakilgo eta Arakilgo Aixita eta Orraregi gazteluekin batera, Sakanako korridorea defendatzen zuen. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean, Nafarroako gazteluak botatzeko agindua eman zuen.Indusketaren emaitzakUdan Larrate enpresak indusketan egin zituen Urdiaingo gazteluan. Ikerketaren bidez, eraikuntzaren ezaugarriak, han bizi zirenen ohiturak eta beste aztertu dute. Indusketa lanekin batera, agirietatik datuak atera dituzte haren berri zehatzagoa izateko. "Aztarnek eta dokumentuek bat egiten dute eta, beraz, argi dago Irurita gazteluaz ari garela" dio Sagredok. "Indusketa arkeologikok egin dira gazteluko zenbait puntutan, eta zenbait gune garbitu dira gazteluaren aztarnak agerian utziz" azaldu zigun Iñaki Sagredok. Dagoeneko badituzte lehen ondorioak: "Egurrezko bi bizitzen eta eskailera landuen eta bertako biztanleen arrastoak aurkitu dira, eta baita sute baten arrastoak ere eta, beraz, agerian geratu da gaztelua sute baten ondorioz hustu zela" aurreratu zigun Sagredok. Azalpenak eman zizkigunean ez zuen data zehatzik emateko nahiko datu.Sagredok Iruritako aztarnak aztertzeko nahia azaldu zuen, "bestela gutxinaka desagertzen joanen dira eta". Datu bilketa soiletik haratago, helburua gazteluaren aztarnak mantendu eta haien berri ematea da. ErakusketaUrdiaingo Udalak Sakanako gazteluei buruzko erakusketa hartuko du errege ostera arte. Besteak beste, gazteluen planoak eta argazkiak aurki daitezke erakusketan.