Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostegunean omenaldi hunkigarria egin zioten Iruñeko Labrit pilotalekuan berriki auto istripuz zendutako Urdiaingo Odei Iturrioz pilotariari. Nafarroako Pilota Federazioak, pilota klubek eta bere lagunek eta ikaslagunek antolatu dute ekitaldia. Julio Sotoren bertsoak eta Iñaki Vazquez "Sakana" aizkolariaren erakustaldia izan ziren, eta, horretaz gain, Odeiren argazkien muntaia erakutsi zuten. Haren senitartekoek oroigarriak jaso zituzten ondokoen eskutik: Altsasuko lagunak, bere lagun pilotariak, Pilotajauku, S.D Alsasua eta Oberena pilota klubak eta Nafarroako Pilota Federazioa. Jakina, pilotak ez zuen huts egin. Esain eta Iturriagak 18-12 hartu zituzten menpean Bengoetxea VII.a eta Mariñelarena, eta Garralda eta Mendinueta 18-10 gailendu ziren Arraztoa eta Azanzaren aurrean. Mendinueta Iturriozen atzelaria izan zen partida askotan. Ekitaldia Altsasuko momotxorroek itxi zuten.