Ezker abertzaleak plana bertan behera uzteko eskatu du

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Urdiaingo hautetsi independentistek, Oihana Gallo San Romanek eta Luziano Agirre Goikoetxeak, alegazioak aurkeztu dizkiote hirigintza planari. Haien iritziz, "Urdiaingo herriak hirigintza plan egokia eta eguneratua behar du, aurrera begira ingurua modu orekatuan antolatuko duena". ArrazoiakGallok eta Agirrek "beraz, herritarren parte hartzeko prozesu integral bat diseinatzea, oraingo alegazio epe honek eskaintzen dituen aukera murritzak gaindituko dituena" eskatu dute. Horrekin batera, zalantzan jarri dute plan orokorrean proposatzen den kudeaketa eredua. "Beste formularen bat kontuan hartu beharko litzateke eta etxebizitzen eremua garatzeko beste programazio diferente bat kontutan hartu, exekuzio unitate txikiagotan edo gehiagotan banaturik". Horrekin batera, Urdiaingo zinegotzi independentistek "Planaren dimentsioaren neurrigabekeria" salatu dute. "Kontua ez da legeak ematen dituen aukerak baliatuz ahalik eta gehien eraikitzea, premiazkoa dena baizik". Gallok eta Agirrek, horretaz gain, Urdiain-Altsasu industrialdearen Udalez Gaindiko Plan Sektorialari aurkeztutako alegazioen argudioak aintzat hartzea eskatu dute. Zinegotzi independentistek eskatu dute hirigintza planaren  oinarrizko azterketarako bestelako erreferentzia guztiak ere aintzat hartzea, ez soilik Nafarroako Lurralde Antolaketarako Planetik eratorritakoak. Azkenik, Gallok eta Agirrek plana erretiratzea eskatu dute "eta hizkuntza-irizpide zuzenekin euskal komunitate osoa aintzat hartuko duen garapen eredurako proposamenak komunean lantzeari, bai herritarrekin bai Mankomunitateko kideekin.